Udal eta Foru Hauteskundeak -

Bilera-sorta

UPN ez da Geroa Bairekin bilduko, 'antzerki' bat delako

“Eginda zegoen, ondorioz, bilerak ez du batere zentzurik”, adierazi du Esparzak. Bestalde, “Nafarroa Euskadin integratzeko prozesua martxan dago”, ohartazi du Mayak.

Javier Esparza, Enrique Maya eta Oscar Arizcuren. Argazkia: EFE
Javier Esparza, Enrique Maya eta Oscar Arizcuren. Argazkia: EFE
UPNk Nafarroaren etorkizuna arriskuan ikusten du

01:02

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Geroa Baik UPN bilera batera deitu zuen asteazken honetarako, baina batzarrera ez joatea erabaki dute erregionalistek. Bilera “antzerki bat” izango litzatekeela uste du UPNk.

Bilera “hauteskundeak baino lehen Geroa Bairen eta EH Bilduren artean adostutako aliantza justifikatzeko eta itxurak egiteko Barkos andereñoaren tresna da”, kritikatu du Javier Esparza Nafarroako Presidentetzarako UPNren hautagaiak. Horretarako, Ahal Dugu eta Ezkerra “beharrezko konplizeak” dituela salatu du Esparzak.

Enrique Maya Iruñeko jarduneko alkatearekin eta Oscar Arizcuren UPNko idazkari nagusiarekin batera agerraldia egin du Esparzak. Bilera-sortan parte hartuko ez dutela baieztatu du UPNko ordezkariak. Bilera-sortaren “helburu bakarra” UPN Gobernutik kanporatzea dela salatu du Esparzak, nahiz eta indar politiko bozkatuena izan. UPNk 15 eserleku lortu zituen hauteskundeetan, Geroa Baik 9, EH Bilduk 8, Ahal Duguk 7, PSNk 7, PPk 2 eta Ezkerrak beste 2.

Ezkerrari eta PSNri egindako proposamena, “indarrean”

“Eginda zegoen, ondorioz, bilerak ez du batere zentzurik”, gaineratu du Esparzak. “Gutxietsi” dituztela kritikatu du UPNko buruzagiak. Gobernu “egonkor” bat babesteko PSNri eta Ezkerrari egindako proposamenak “indarrean” jarraitzen duela adierazi du Esparzak. Maria Chivite sozialista presidente izango lukeen Exekutiboa “onargarria” dela uste du.

Bi alderdiek proposamena errefusatu zuten, baina Esparzarentzat “aukerarik onena” da. Horregatik, asteazken honetan PP, PSN eta Ezkerrako ordezkariei deituko die Nafarroan Gobernu abertzale bat eragozteko.

Esparzaren hitzetan, Nafarroan “sekula zeharkatu behar ez liratekeen marrak gurutzatu dituzte dagoeneko”.

“Bilduren bahitua”

Terrorismoa oraindik gaitzetsi gabe, Ahal Duguk eta Ezkerrak EH Bilduri eman beharreko babesa kritikatu du UPNko buruzagiak. “Milaka espainiarrek” erabaki hori ulertuko ez dutela ohartarazi diete alderdi horietako buruzagi nazionalei. Esparzaren ahotan, Uxue Barkos “Bilduren bahitua da eta EAJ eskutik eraman du”.

“Nafarroako gizarteak eta enpresaburuek ulertuko dutenik ez dut uste, zalantza asko ditut”, ohartarazi du Esparzak. Bildurekin adostea “ezmorala” dela erantsi du.

“Nafarroa Euskadin integratzeko prozesua martxan dago”, esan du Mayak. Iruñeko Udalean eman beharreko lauko gobernuak “kudeatzeko zailtasun handiak” izango dituela ohartarazi du jarduneko alkateak. Gainera, “ETA gaitzetsi gabe jarraitzen dutenek” gobernatuko dutela adierazi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
UPNren albisteak Geroa Bai Nafarroa gaur Uxue Barkos argazkiak Hauteskundeak Nafarroan Jose Javier Esparza Enrique Maya