Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina hasiera

Nafarroako alderdiek lehentasunak markatu dituzte kanpaina hasieran

Iruñeko erdialdeak eta alde zaharrak kanpainako lehen ekitaldiak hartu dituzte 19:00ak eta 20:00ak artean. Euriak eragozpenen bat sortu du.

Nafarroako alderdiek lehentasunak markatu dituzte kanpaina hasieran. Argazkia: EFE/eitb.eus
Nafarroako alderdiek lehentasunak markatu dituzte kanpaina hasieran
Nafarroako alderdien kanpainaren hasierako ekitaldiak

0:56

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kanpaina hasierako ordu ofiziala izan baino lehen, eta CISen azken inkesta mahai gainean zela, Parlamentuan ordezkaritza duten alderdi nafarrek kanpainari hasiera eman diote Iruñean. Udal, foru eta Europako hauteskundeetarako lehentasunak markatu dituzte aurreneko ekitaldietan.

Hiriburuko erdialdeak eta alde zaharrak kanpainako lehen ekitaldiak hartu dituzte 19:00ak eta 20:00ak artean. Euriak eragozpenen bat sortu du, eta kokalekuren bat aldatzera behartu du, baina aparteko arazorik eragin gabe.

Hamaika eguneko nolabaiteko atsedenaldiaren ostean, alderdiek hautagaitzak eta programak aurkezteko aprobetxatu dituzte, hautetsontziekin hitzordu berria hemen baitago jada. CISen azken inkestak Navarra Suma koalizioari botoen % 30,2 (16-17 eserleku) eman dizkio, PSNri % 21,2 (11-12), EH Bilduri % 14,1 (7-8), Geroa Bairi % 14 (7-9), Podemosi % 10,8 (6) eta Ezkerrari % 4,4 (1-2).

Ondorioz, egungo indar oreka alda daiteke, baina, ohi bezala, ez da gehiengo absoluturik izango Nafarroan, eta Gobernua osatzeko zenbait aukera ematen dituzte iragarpenek, itunik adostuz gero.

Testuinguru horretan, Foru Parlamenturako zerrendaburuen lehen mezuak entzun dituzte Nafarroako boto-emaileek. Alkategaien eta Europarako hautagaien laguntzarekin, hauteskundeen garrantzia azpimarratu dute, baita jokoan dagoena ere.

UPNk, Ciudadanosek eta PPk osatutako Navarra Suma plataformak Foruen aldeko monumentuaren alboan egin du kanpaina hasierako ekitaldia. "Nafarroaren arrisku nagusia euskal nazionalismoa eta populismo erradikala dira", esan du Javier Esparza presidentegaiak.

Koalizioaren egoitzan eta ez kalean, hasiera batean aurreikusita zegoen bezala, egin du ekitaldia Geroa Bai koalizioak. Uxue Barkos presidentegaiaren ahotan, Nafarroak "etorkizuna du jokoan". Horregatik, hauteskundeak "irabazteko prest" agertu da, "aurrerapausoak ematen jarraitzeko".

San Frantzisko plazan, Bakartxo Ruiz EH Bilduko zerrendaburuak ziurtatu duenez, aldaketan sakontzeko, lehen indarra izateko eta Gobernua zuzentzeko erronka onartu behar dute. "Ezagutzen dugun erregimenaren eta aldaketa politiko eta sozialak markatu duen etorkizunaren artean" aukeratu beharko dutela erantsi du.

Podemosek Iruñeko Gaztelu plazan hasi du kanpaina. Plazako arkupeetan itsatsi ditu kartelak, sinbolikoki, koalizio moreak. Mikel Buil presidentegaiaren esanetan, "eskuina gelditzeko eta eskubideetan aurrera egiteko balio duen indarra dira".

Sozialistek Alfredo Perez Rubalcaba alderdikidea ez dute ahaztu, eta babes osoa adierazi diote. PSNk Baluarten egin du kanpaina hasierako ekitaldia. Maria Chivite presidentegai sozialistak Nafarroa "foral, berritzaile eta berdinzale" baten aldeko proiektua defendatu du.

Azkenik, Nafarroako Parlamentuaren aurrean, "aldaketa eta ezkerra gehiago irabaztera" doazela esan du Maria de Simon Ezkerrako zerrendaburuak. "Nafarroa sozialago eta barnerakoiagoan sakontzeko" deia egin dio bertan "ezkerreko jendeari".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Geroa Bai Nafarroa Europako hauteskundeak emaitzak Europako hauteskundeak Udal eta Foru hauteskundeak 2015 EH Bildu Izquierda-Ezkerra Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Parlamentua Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 EAEko eta Nafarroako Udal eta Foru Hauteskundeak emaitzak Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma