Udal eta foru hauteskundeak -

Kanpaina

Autogobernua hizpide, Sanchez, Iglesias eta Garzon Iruñean izan diren egunean

Pedro Sanchez, Pablo Iglesias eta Alberto Garzon Iruñean izan dira asteazken honetan. Uxue Barkosek Nafarroaren subiranotasuna errespetatzeko eskatu du.

Uxue Barkos (Geroa Bai).
Uxue Barkos (Geroa Bai).
Autogobernuaren defentsa egingo duela aldarrikatu du Geroa Baik

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Navarra Suma

Javier Esparza Navarra Suma koalizioaren presidentegaiak esan du Nekazaritza eta Abeltzaintzako departamentuaren aurrekontu guztia sektore horretara bideratuko duela, Foru Gobernuko presidentetza eskuratzen badu.

UPNk, PPk eta Ciudadanosek osatzen duten koalizioak Iturgoienen egin du ekitaldia. Aipatu aurrekontutik Nafarroako kanalera bideratutako diru-saila kenduko lukeela adierazi du, “nekazaritza eta abeltzaintzako politikari eragin ez diezaion”.

“Nafarroako kanala komunitatearen egitasmoa da, transbertsala, eta ez soilik nekazaritzara zuzenduta dagoena”, argudiatu du.

“Abertzaleek Nafarroa Espainiatik kanpo ikusi nahi dute, baina hala balitz, Nafarroa Europatik kanpo geratuko litzateke eta, ondorioz, horrenbeste onura ekarri dizkigun Europako nekazaritza politikarik gabe geldituko ginateke”, gaineratu du.

Geroa Bai

Gero Baik jasangarritasunaren, ekonomia zirkularraren eta aldaketa klimatikoaren garrantzia azpimarratu du, baina erronka horiei heltzeko Nafarroako autogobernua “irmotasunez” defendatzea ezinbestekoa dela adierazi du.  

Uxue Barkos presidentegaiak esan du “oso kezkatuta” dagoela Navarra Suma koalizioak atzoko ekitaldian egin zituen adierazpenak direla eta. “UPN Ciudadanosen politikak zuritzen aritu zen, eta Ciudadanosek nahiago izan zuen idatzita dutena ez esatea”, ohartarazi du.

Izan ere, Navarra Suma koalizioak adituen batzorde bat eratzea proposatu zuen atzo, Nafarroak Estatuari egin behar dion ekarpenak zein izan behar duen erabakitzeko. “Horrelakorik ez da inoiz gertatu eta bere isiltasunarekin UPN Ciudadanos zuritzen ari da”, salatu du.

Bestalde, Pedro Sanchez, Pablo Iglesias eta Alberto Garzon gaur Iruñean izan direla eta, Barkosek esan du “ongietorriak” direla, baina Nafarroako subiranotasuna errespetatzeko eskatu die, “eta horretarako ez da nahikoa hona etortzea, ekintzak behar dira”.  

EH Bildu

Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaiak herritarren parte-hartzea garrantzia azpimarratu du, eta horretarako auzoetan galdeketak antolatzea eta bizilagun guztiek erabili ahalko dituzten eraikinak egotea babestu du.  

Horrela bada, Antzara (Mendillorrin) edo Plazara (Alde Zaharrean) bezalako zentro gehiago bultzatu behar direla esan du, Txantrean Salesianas eraikinaren bigarren fasea abiarazi nahiko lukeela erantsita. Eraikin hori Txantreako elkarteek eta bizilagunek kudeatutako tokia izango dela nabarmendu du.

Herritarren parte-hartzeari lotutako araudiari dagokionez, Asironek esan du EH Bilduren asmoa Auzoetako Kontseiluak eratzea dela, auzoetako bizilagunen eta Udalaren arteko harremana “zuzena eta etengabea” izan dadin. Auzoetara zuzendutako aurrekontua 1,4 eta 1,8 milioi euro artekoa izango litzatekeela zehaztu du.   

Podemos

Pablo Iglesias Iruñean izan da gaur, Mikel Buil alderdi morearen presidentegaiari babesa emanez. Arratsalde honetan egindako ekitaldian, Iglesiasek esan du Podemosek urrats bat gehiago eman behar duela eta Espainiako Gobernuan nahiz Nafarroako Gobernuan egoteko unea iritsi dela.

Podemos erakundeetan nola eta noiz sartu zen gogoratuta, “orain gauzak aldatzeko unea” iritsi zaiola eta horretarako Podemosek “Nafarroan eta Espainian” gobernatu behar duela azpimarratu du.

Autogobernuari dagokionez, Iglesiasek ziurtatu du Nafarroari lotutako itunak “Nafarroan erabakiko” direla. “Ez izan zalantzarik”, gaineratu du.

PSN

Pedro Sanchez ere Iruñean izan da arratsaldean, PSNko Maria Chivite presidentegaia eta Maite Esporrin Iruñeko alkategaiaren ondoan.

Sanchezek botoa nori emango dioten ondo pentsatzeko eskatu die herritarrei: “Aurrera egin edo gehiengoarekin zerikusirik ez duen abertzaletasunak geldiarazita bizi”.

Halaber, Navarra Suma koalizioaren arriskuaz aritu da. Alderdi Popularrari “garbitasuna” eskatu dio; UPNri, “justizia soziala”; eta Ciudadanosi “foruak eta bizikidetza” errespetatu ditzala.

Datorren legegintzaldian presidentetzan badago, Nafarroak Espainiako Gobernuak aliatu bat izango duela esan du Sanchezek.

“UPNk eta Ciudadanosek bat egin ostean, Nafarroaren nortasuna eta foruak babesten dituen alderdi bakarra gara. Autogobernua babesten dugu guk, hemen eta Katalunian”, azpimarratu du.

Izquierda-Ezkerra

Alberto Garzon IUko koordinatzaile nagusia ere Iruñean izan da, Izquierda-Ezkerrak antolatutako ekitaldian.

Garzon pozik agertu da koalizio horrek legegintzaldi honetan egin duen lanaz, EH Bildu eta Podemosekin batera aldaketaren Gobernua babestu duelako.

Ildo horretan, Estatua plurinazionala dela gogoratuta, “Espainia federala eta anitza” aldarrikatu du. Estatu federal horretan Nafarroako autogobernua errespetatuko litzatekeela erantsi du.

Izquierda-Ezkerra “herriak eskatzen duen ikuspegiarekin” jardun duela esan du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSN Geroa Bai EH Bildu Izquierda-Ezkerra Nafarroako Hauteskundeak Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Nafarroa Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023 Nafarroako udal eta foru hauteskundeak Navarra Suma