Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpaina itxiera
EH Bildu: 'Donostiako boto bakoitzak Gipuzkoan lehen indarra izatera eramango gaitu'
"Ezinbestekoa da igande honetan lehen indarra izatea", adierazi du Juan Karlos Izagirrek. "Herritarrok udal politikaren protagonismoa berreskuratu behar dugu", erantsi du Reyes Carrerek.
eitb.eus
EH Bilduk Donostiako Boulevardean egin du ostiral honetan kanpaina itxiera ekitaldia. Bertan hartu dute hitza Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako ahaldungai nagusiak, Reyes Carrere Donostiako alkategaiak eta Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak.
"Gipuzkoarren gehiengoaren interesak Gipuzkoako udalerrietan eta Foru Aldundian defendatuko dituen alderdi politiko bakarra gurea da: EH Bildu. Pertsonengan pentsatuz gobernatzen dugun eta gobernatuko dugun pertsonak gara gu", adierazi du Izagirrek.
"Ezinbestekoa da igande honetan lehen indarra izatea. Eta horretarako, ezinbestez gipuzkoar guztiok bozkatzera joan behar dugu. Are gehiago diot, Gipuzkoan boto bat gehiago duenak izango du gobernatzeko giltza. Beraz, inork ezin du etxean gelditu. Donostiako boto bakoitzak Gipuzkoan lehen indarra izatera eramango gaitu", gaineratu du.
Reyes Carrerek, bere aldetik, adierazi du "eliteen gainetik, postaleko hiri turistikoaren gainetik, gure indarra, gure protagonismoa, gure partehartzea, gure inplikazioa, hori da hiri honek behar duena. Herritarrok udal politikaren protagonismoa berreskuratu behar dugu".
Carrerek gaineratu du EH Bilduren leloak argi adierazten duela: "Zurekin Donostia gara. Eta horixe egin dugu eta egingo dugu: erakundeen eta herritarren arteko lotura indartu. Donostia, donostiarrekin. Zertarako? Gauzak aldatzeko eta hobetzeko".
Eta bere hitzartzea eskerrak emateko ere baliatu du: "Eskerrak eman nahi dizkizuet nigan konfiantza erakutsi duzuen pertsona guztiei. Eskerrak eman nahi dizkizuet auzoz auzo eta kalez kale nire aldeko botoa eskatuz kanpainan aritu zareten boluntario guztiei. Eskerrak babestu eta lagundu nauzuen guztioi, eskerrak bide honetan bidelagun izateagatik".