X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Bilduren zerrendak, baliogabe
PSOEri Bildu legeztatzea eskatzeko eskatu dio Lopezi ezker abertzaleak
Gustura agertu da EAJk Estatuarekin zuen lankidetza "bertan behera" utzi duelako eta "Euskal Herriaren alde zer egiteko prest dagoen" galdetu dio EAJri.
Erredakzioa
Txelui Moreno ezker abertzalearen bozeramaileak eskaria egin dio Patxi Lopez lehendakariari: PSOEri eta Zapateroren Gobernuari Bildu legeztatzea exijitzeko. Gainera, Gustura agertu da EAJk Estatuarekin zuen lankidetza "bertan behera" utzi duelako eta "Euskal Herriaren alde zer egiteko prest dagoen" galdetu dio EAJri.
Morenok prentsaurrekoa eman du gaur Bilbon Marian Beitialarrangoitia, Aitor Bezares, Tasio Erkizia, Miren Legorburu eta Niko Moreno alboan zituela.
"Modu bakarra du Patxi Lopezek herritarren aurrean burua goran mantentzeko: bere alderdiari eta Madrilgo Gobernuari aukera politiko guztien partehartzea exijitzea, ilegalizazio iruzurtirik gabe", berretsi du.
Txelui Morenok gogorarazi du ez dela "kasualitatea" Bilduren zerrendak baliogabetzeak "eskubide demokratikoei egin dien erasoak herritarren ezinegona sortzea eta erantzuna oso indartsua izatea".
Horren harira, "testuinguru politikoko ia agente guztiak Estatuaren erasoaren" kontra agertu direla azpimarratu du: "Ilegalizazioak gizartea astindu du eta erantzun politiko eta soziala berehala iritsi da, eta Madrilen kontuan izango dute hori".