X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
EAJri Bizkaiko Diputazioa kentzea posible dela uste du Pastorrek
Jose Antonio Pastor Bizkaiko ahaldun nagusi izateko PSEren hautagaiak uste du Bizkaiko Batzar Nagusietan "aldaketa posible eta beharrezkoa" dela, "Ajuria Enean izan zen bezala".
Erredakzioa
"Euskadiko oreka politikoa" jokoan ez dagoela esan du Jose Antonio Pastorrek. Udal eta foru hauteskundeak direla, eta ez hauteskunde autonomikoak, nabarmendu nahi izan du. Barakaldon goizean egindako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok. Ekitaldi horretan Tontxu Rodriguez Barakaldoko PSEren alkategaia aurkeztu du eta hauteskunde-programa aurkeztu dute. Pastorrek adierazi duenez, "hauteskunde hauetan gure herriko alkateak eta ahaldun nagusiak aukeratuko ditugu" eta "Diputazioan aldaketa ematea posible eta beharrezkoa da, Ajuria Enean izan zen moduan". PSEk Bizkaiko Diputazio eskuratzeko garaia iritsi dela azpimarratu du. "Aurrera egiteko unea da eta ez plan subiranoetan harrapatuta geratzeko garaia", esan du zeharka EAJri aipu eginez. Eusko Jaurlaritzan eman den "aldaketa positiboa" Bizkaiko Gobernura eramatea da PSEren erronka, "Diputazioak abertzaleen gotorleku izateari utz diezaion; gainerako erakundeei mesprezua adierazteko baino ez dute erabiltzen eta", kritikatu du. Bizkaiko Diputazioaren elementu nagusia "gardentasuna" izan behar dela esan du Pastorrek. "Gure lehendakariak ekarri duen leialtasun demokratikoa eta askatasunerako eta aldaketarako izpiritua eraman behar dira Diputaziora", azaldu du. EAJk "mila bataila" dituela salatu du eta Jose Luis Bilbao ahaldun nagusia "bataila horiekin distraituta" dagoela kritikatu du. "Zerbitzu publikoaren funtzioa albo batean" utzi izana leporatu dio.