X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Urkullu: 'Kontaezinak diren gauzak egin ditugu Bildu egoteko'
EAJren presidenteak adierazi du "ezinezkoak" ere egin dituztela koalizioa hauteskundeetan egon dadin. Bestalde, bere alderdia PSOE-PPren alternatiba dela azpimarratu du.
Erredakzioa
Iñigo Urkullu EAJren presidenteak esan du "kontaezinak diren gauzak" egin dituztela Bilduk maiatzaren 22ko hauteskundeetan parte hartu ahal izateko.
Urkullu Gasteizen izan da gaur hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean Gorka Urtaran hiriko alkategaiarekin eta Xabier Agirren Arabako ahaldun nagusirako hautagaiarekin.
EAJren presidenteak jarraitzaileen aurrean adierazi duenez, "ezinezkoak" egin dituzte, "kontaezinak diren gauzak" egin dituzte EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen duten koalizioak hauteskundeetan parte hartu ahal izateko.
"Gizartearen zati handi batek aldarrikatu du hauteskundeetan egon behar zutela, eta ez dira haiek izan lortu dutenak, gizartean eragin duen ezinegonak eta bake eta normalkuntza politikorako nahiak baizik", argitu du Urkulluk.
Urkulluk hori dena "ez dezala ahaztu" ohartarazi dio Bilduri eta "gaurtik aurrera gogoan" izan dezatela, izan ere, "hauteskundeetara ekarri dituen ezinegona haien kontra joan daiteke konpromisoak betetzen ez badituzte".
EAJren presidenteak, bestalde, "PSE-PP ituna" kritikatu du Euskadirekiko konpromisorik ez duelakoan. Hori horrela, hauteskundeetan alternatiba haiek direla azpimarratu du, "erabat ezberdinak" diren bi eredu baitaude: bere alderdiak ordezkatzen duena, "lanean eta herri honekiko konpromisoan" oinarritua; eta sozialistek eta popularrek lotutako akordioan oinarritua, "Espainian ere nahiz ez dutena, kudeaketa eredu baten porrota".