X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Barcinak nekazaritzaren aldeko apustua egin du

Alderdi politikoak Foru Erkidegoan barrena ibili dira herritarrei botoa eskatzeko eta dagoeneko mezu politiko zuzenak erabiltzen hasi dira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maiatzaren 22ko udal eta foru hauteskundeetan parte hartuko duten alderdi nafarrek kanpainaren bigarren egunari ekin diote eta dagoeneko mezu politiko eta promesa zuzenak aldarrikatzen hasi dira.

UPNk Tuteran hasi du gaurko eguna. Bertan izan da Yolanda Barcina Nafarroako presidentegaia esparrago baratze batean eta gero Foruen Plazako ekitaldian parte hartu du.

Barcinak azpimarratu du nekazarien eta enpresarien esfortzuari esker nekazal elikagaien sektorea izan zela 2010ean gehien hazi zena, % 2,6, Nafarroako ekonomiaren batez besteko hazkundearen bikoitza. Hori horrela, sektorea "mantentzeko, modernizatzeko, globalizatzeko, berritzeko eta belaunaldi aldaketa egiteko" premia aldarrikatu du.

"UPNk sektorearen interesak babestuko ditu eta are gehiago 2013ko Europar Batasunaren nekazaritza politika negoziatzen ari direnean", adierazi du Barcinak.

Nafarroa Bai 2011ren Nafarroako presidentegaia, Patxi Zabaleta, Sarriguren Kiroldegiko jangelan izan da Manu Ayerdirekin eta Alfonso Etxeberriarekin batera.

Uxue Barkos koalizioaren Iruñeko alkategaiak, bere aldetik, krisi ekonomikoari "zorrotz, eraginkor, elkarrizketarekin eta adostasunarekin" aurre egiteko apustua egin du, izan ere, "amaitu dira gehiengo absolutuen garaiak".

PSNk "mitin azkar bat" egin du gaur goizean Iruñeko Foruen Monumentuaren alboan, eta Roberto Jimenez presidentegaiak "nafartasunean" sozialistei "inork ez" diela irabazten ziurtatu du eta haiena "ezkerreko" nafartasun "anitza" dela azpimarratu du.

Jimenezek azaldu duenez, PSNren zerrendak 530.000 herritarrengana iristen dira, beste inorrenak baino gehiagorengana, eta Nafarroaren historian oso garrantzitsuak izan diren erabakietan sozialistek parte hartu dutela goraipatu eta batzuk aipatu ditu: Itoitzeko urtegia, Nafarroako ubidea, Iparraldeko Autobidea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.

Izquierda-Ezkerra Sarrigureneko Osasun Zentroan izan da gaurkoan, eta Jose Miguel Nuin presidentegaiak osasun publikoaren "narriadura" salatu du eta horren arrazoia finantziazioan izan den murrizketa dela azaldu du.

CDNren Gobernurako eta Iruñeko Udalerako hautagai nagusiek, Jose Andres Burguetek eta Jose Javier Villafrancak, bizikletan egin dute ibilbidea hiriburuan zehar. Nafarroak energia berriztagarrien alorrean Europako eta munduko "erreferente" bilakatu behar duela aldarrikatu dute, eta UPN eta PSN kritikatu dituzte alor horretan egin duten esfortzua jaitsi egin delako.

Nafarroako PPk, gaurkoan bi hauteskunde karabana antolatu ditu eta hautagaiekin hamahiru herri igaroko dituzte: Beriain, Aranguren, Noain, Egues, Antsoain, Berriozar, Huarte, Burlata, Orkoien, Oltza Zendea, Zizur Zendea, Zizur Nagusia eta Berriobeiti.

Gainera, Bilduk Nafarroako kanpainaren ekitaldi nagusia egingo du gaur Iruñean. Bertan izango dira Maiorga Ramirez Nafarroako presidentegaia eta Eva Aranguren Iruñeko alkategaia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea