X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

PP: 'Nortasuna, herria eta hizkuntza inposatu nahi ditu Bilduk'

Antonio Basagoitik berriro kritikatu du Auzitegi Konstituzionalak Bilduren inguruan hartutako erabakia. Alabaina, epaia "errespetatu" eta "onartu" egiten duela ere esan du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Antonio Basagoiti Euskadiko PPren buruzagiak Auzitegi Konstituzionala eta Bildu izan ditu hizpide gaur goizean Donostiako Kursaal Jauregian egindako ekitaldi politikoan. Bertan izan dira, besteak beste, Iñaki Oyarzabal, Borja Semper, Leopoldo Barreda eta Arantza Quiroga.

Konstituzionalak hartutako erabakiarekin azken urteotan burututako bidean "atzera" egin dela eta urte askotako lana pikutara joan dela salatu du Basagoitik.

Alderdi Popularrak Auzitegi Konstituzionalaren ebazpena "onartu" eta "errespetatu" egiten duela argi utzi nahi izan du, "Konstituzionaleko ordezkariek zuzenbide estatua eta Justizia errespetatzen dutelako, beste batzuek ez bezala, jarrera demokratikoa erakusten dutelako". Hala eta guztiz ere, epaia gustatzen ez zaiola eta bere ustez egokia ez dela adierazi du. "Konfidantza eza sortu du erabaki horrek eta derrigorrezko abertzaletasuna eta sozialismoa bultzatzen duen proiektu antidemokratikoa erakundeetara itzultzea ekarri du", erantsi du.

Gogora ekarri du Bildu hauteskundeetan egoteko erabakia PSOEk izendatutako sei epailek hartu dutela. "Indarkeria erabiltzen dutenen aurrean euskal gizartea zorrotzagoa izan da", esan du. Basagoitiren arabera, euskal gizartea ezker abertzalearekiko epaile eta politikari jakin batzuk baino zorrotzagoa izan da. "Nortasuna, herria eta hizkuntza inposatu nahi dutenei protagonismoa eman diete berriro", deitoratu du. "Denok dakigu nor dagoen Bilduren atzean eta zertarako erabili dituzten beti udaletxeak", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea