X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

PSEk Bildurekin akordiorik sinatuko ez duela iragarri du Patxi Lopezek

PSEk Donostian egindako ekitaldian hartu du parte lehendakariak eta bertan izan da Alfredo Perez Rubalcaba ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Lopez lehendakariak iragarri duenez, PSEk ez du Bildurekin inolako akordiorik sinatuko, ez udaletxeetan ezta diputazioetan ere, "koalizioak ETArekin zorroztasun gehiago erakutsi behar duelako eta erakundearen desegitea argi eta garbi eskatu behar duelako".

Gipuzkoako PSEren hautagaiek Donostiako Kursaalen egin dute ekitaldia eta bertan izan dira Patxi Lopez lehendakaria eta Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako presidenteordea eta Barne ministroa. Bilduk hauteskundeetan parte hartzeko "eskubide osoa" duela esan du, baina "demokrata izatea praktikaz" ikasten dela nabarmendu du eta bitartean "PSEk ez du Bildurekin akordiorik sinatuko gehiengo progresistak osatzeko". EAJri dagokionez, jeltzaleen ohartarazpena - PSEk eta PPk Jaurlaritzan duten ituna udaletxeetara eta diputazioetara eraman nahi dutela- gezurra dela esan du. "Ez dago fronterik; herri hau anitza eta plurala da eta hauteskunde osteko itunak eta aliantzak ere anitzak eta pluralak izango dira", nabarmendu du. EAJk Odon Elorzari Donostiako alkatetza kendu nahi diola eta horretarako Alderdi Popularrarekin harremanetan dagoela salatu du. "Beste hainbat tokitan ere gauza bera egiten ari dira, sozialistak agintetik kentzeko helburu bakarrarekin", erantsi du.

Alfredo Perez Rubalcabak, besteak beste, indarkeriaz hitz egin du. "Indarkeriaren amaieraren hasieran gaude eta hori horrela izateko hiru dira oinarrizko elementuak: Alderdien Legea betearaztea, polizia-operazioak eta demokraten batasuna". Jarraian, biolentziaren amaiera iragarri du: "Hiru bitarteko horiekin gure eginkizuna amaituko du eta indarkeriaren amaiera ikusiko dugu. Esfortzu handia da, baina terrorismoaren biktima guztiei zor diegu. Guztiei, baina baita gure biktimei ere", azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea