X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina Nafarroan

NaBai 2011k Nafarroako 'aniztasuna' aldarrikatu du

Patxi Zabaleta presidentegaiak azaldu duenez, "nafar onak eta txarrak daudela dioen ideia deuseztatu behar dugu". Alderdi politiko guztiek egin dituzte ekitaldiak gaurkoan ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ingurugiroa, enplegua eta Nafarroako aniztasuna izan dira hauteskunde-kanpainaren hirugarren eguneko gai nagusiak Foru Erkidegoan.

Yolanda Barcina UPNk Gobernuko presidente izateko aurkeztu duen hautagaiak Bizikletaren festako lehenengo zatia egin du Enrique Maya eta Pruden Indurain alboan zituela.

Errotxapean Enrique Maya Iruñeko alkategaiak azaldu duenez, hiri "berdeagoa, modernoagoa eta jasangarriagoa" nahi dute eta "ezinbesteko" jotzen dute lau urte barru bizi kalitatea "are hobea" izatea eta Iruñak "bizitzeko hiri onenen artean" jarraitzea.

Nafarroa Bai 2011k Alesbeseko kultur-etxean hasi du gaurko jardunaldia, eta bertan izan da Patxi Zabaleta Nafarroako presidentegaia.

Zabaletak esan du Nafarroan aldaketa lortzeko "aniztasuna" errespetatu behar dela eta "nafar onak eta txarrak daudela dioen ideia deuseztatu" egin behar dela azpimarratu du.

Ohikoa den legez, PSNk "mitin azkar" batekin ekin dio egunari. Landabengo merkatuan izan da eta Roberto Jimenez presidentegaiak Nafarroa anitza babestu du eta goraipatu du, izan ere, sozialistek ez omen dute "arazo" bezala ikusten, "aukera" eta "aberastasun" bezala baizik.

Era berean, Juan Moscoso Iruñeko alkategaia alboan zuela, Jimenezek euskara izan du hizpide eta "Nafarroako hizkuntza ere" badenez, "hizkuntza horretan bizitzeko edo lan egiteko" eskubidea aitortu die herritarrei.

Izquierda-Ezkerrak Castejoneko zentral termikoak hautatu ditu ekitaldia egiteko. Jose Miguel Nuin presidentegaiak Europar Batasunaren helburuak bete eta 2020rako gas kutsakorren isuria % 20 murriztea eskatu du.

Eneritzeko elkarte gastronomikoan izan da CDN kanpainarekin jarraitzeko eta bertan Jose Andres Burguete Foru Gobernurako hautagai nagusiak hartu du hitza. Herrietako "baliabideak eraginkorragoak egiteko irizpideak" ezartzeko "erreforma sakona" egitea proposatu du, zerbitzuak batuz, baina herrietako erakundeak desagerrarazi gabe.

Nafarroako PPren karabanek gaurkoan Corella, Fontellas, Tutera, Murchante, Ribaforada, Cintruenigo, Odieta, Ollo eta Iruña bisitatu dituzte.

Bilduri dagokionez, Maiorga Ramirez Gobernurako hautagaia Beltzuntzen izan da Ahaztuakek memoria historikoaren inguruan antolatu duen ekitaldi batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea