X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
EBk denda txikien ekonomia bultzatzearen aldeko apustua egin du
Jose Navas Gasteizko alkategaiak parte zaharrean oinezkoentzako eremu gehiago zabaltzea eta auzoetan aparkaleku estrategikoak eraikitzea proposatu du.
Erredakzioa
Ezker Batuak denda txikien ekonomia sustatzearen aldeko apustua egin du eta horretarako oinezkoentzako eremu gehiago zabaltzea eta aparkalekuak eraikitzea proposatu du.
Jose Navas Gasteizko alkategaiak hirian egin duten ekitaldi batean azaldu duenez, haien apustua denda txikiak dira, ez merkatalgune handiak, eta sektore hori berpiztearen garrantzia azpimarratu du, "krisi orokorretik haratago, inoizko garai txarrenean baitago".
EBren hautagaiak salatu duenez, "dagoeneko akats handiak" egin dituzte merkatalguneak hirigunean eraikiz, "beraz, beharrezkoa da konpromisoa hartzea hurrengo legegintzaldi osoan merkatalgune gehiago ez irekitzeko".
Horren harira, Ezker Batuak uste du erraztu egin behar direla dendak dauden inguruetara joateko bideak eta horretarako garraio publiko "eraginkorra" behar dela, eta auzoetako aparkaleku estrategikoak eraiki behar direla.
Gasteizko alde zaharrari dagokionez, Navasek oinezkoen eremuak zabaltzea proposatu du "merkataritza biziberritzeko".