X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina Nafarroan

Bilduk Nafarroa eta EAE batzeko 'erakundea' sortzea proposatu du

"Autonomia Estatutu bat" izango litzateke eta erreferendumean bozkatu beharko lukete lau lurraldeek. Gainerako alderdiek ere egin dituzte hauteskunde ekitaldiak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Asteburuan herritarrekiko hartu-eman arinagoak izan ostean, hautagaiek indartsu ekin diote asteari eta gai serioak izan dituzte eskuartean.

Yolanda Barcina UPNk Nafarroako presidente izateko aurkeztu duen hautagaia Peraltan izan da 60 enpresarirekin eta bere asmoa enpresak sortzeko erraztasunak ematea dela azpimarratu du. Horretarako, izapideak sinpletuko ditu eta "kapitalizaziora eta zergak arintzera" bideratutako funts bat sortuko du.

Zerga alorrean aurrezkiak sustatuko ditu eta "kalitateko eta nazioarteko" I+G+B bultzatuko du. Era berean, enpresa nafarren esportazioak "egonkortu" nahi ditu.

Nafarro Bai 2011ren ekitaldi nagusia gaurkoan koalizioaren Iruñeko hauteskunde-programaren aurkezpena izan da. Uxue Barkos alkategaia izan da bertan eta 65 neurri zehatz proposatu ditu hiriak izandako kategoria "berreskuratzea" helburu.

Patxi Zabaleta presidentegaiak aurkeztu du Barkos, "iruindar guztien alkate izango dena" eta "Iruñeari inoiz galdu behar ez zuen kategoria eta kultur maila ekarriko diona".

Iruñean izan da baita ere Roberto Jimenez PSNren presidentegaia eta "duintasuna" eta "justizia" eskatu du "balore ezkertiarrak" defendatzeagatik "XX. mendean jazarpena, herbestea eta fusilamenduak" pairatu zituztenentzat.

Iruñeko Gotorlekuan egin dute ekitaldia, bertan "hil baitzituzten kide asko", eta garai hartan aldarrikatzen zituzten "ezkerreko baloreak" ez dituztela ahaztu azpimarratu dute.

Izquierda-Ezkerrak ekonomia izan du hizpide eta gastuen murrizketak "beharrezkoak ez diren obra handietan", politikarien "pribilegioetan" eta administrazioaren ohiko gastuetan egitea proposatu du.

CDNk, bere aldetik, ekitaldia egin du Iruñean eta bertan izan da Jose Andres Burguete presidentegaia beste hautagai batzuek lagunduta.

Nafarroako Alderdi Popularrari dagokionez, Santiago Cervera presidentegaiak "murrizketa sozialen politika" kritikatu du eta haiek "benetako irtenbideak" proposatzen dituztela eta "konfiantzazko" alderdia direla hitz eman du.

Beste agertoki batean, Iruñean bertan, Maiorga Ramirez Bilduren presidentegaiak "Euskal Herria libre eta demokratikoa" aldarrikatu du eta Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba elkartuko dituen "erakundea" sortzearen aldeko apustua egin du. Horretarako, lau lurraldeek babestu beharko luketen "autonomia estatutua" proposatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea