X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Gerenabarrenak abertzaleen lankidetza eskatu du PSE-PPri aurre egiteko
EAJren Arabako presidenteak gogorarazi duenez, "Patxi Lopezek esan zuen ez zuela itunik sinatuko PPrekin, eta bi egunera akordioa egin zuten".
Erredakzioa
Iñaki Gerenabarrena EAJren Arabako presidenteak "abertzaleen lankidetza instituzionalaren" aldeko apustua egin du eta bere alderdiak Hamaikabatekin Araban elkarrekin joateko duten akordioa aipatu du, hori baita, bere esanetan, PSE-PP itunari aurre egiteko "giltza".
Gerenabarrena Agurainen izan da ekitaldi batean eta alboan izan ditu Xabier Agirre ahaldun nagusigaia eta Iñaki Beraza alkategaia.
Antonio Basagoiti PPren EAEKo presidenteak PSE-PP akordioak bizirik jarraitzen duela esan duela eta, Gerenabarrenak azpimarratu du Basagoitik "sozialistek ezkutatu nahi dutenaz ohartzen" duela, izan ere, "hauteskunde-autonomikoak baino bi egun lehenago, Patxi Lopezek esan zuen ez zuela itunik sinatuko PPrekin, eta bi egunera akordioa egin zuen popularrekin".
Buruzagi jeltzalearen esanetan, PSE "antzeko gauzak" esaten ari da kanpainan, "itunak ez daudela itxita" edo "ikusiko dugu zer egiten dugun". Adierazpen horien aurrean, "Basagoitik argi esan du, eta herritarrek badakite: PSE-PP akordioak inoiz baino indartsuago jarraituko du".
Gerenabarrenak ohartarazi du sozialistak eta popularrak "elkartzen" saiatuko direla "aukera duten lekuetan, abertzaleek erakundeak kudea ez ditzaten". EAJren buruzagiak uste du batzuek zein besteek "zorra, higiezinen burbuila, propaganda eta nagikeria" ordezkatzen dutela.