X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Indarkeria matxistaren aurkako neurriak hartuko ditu Donostiako Bilduk

Horrez gain, Donostian gertatzen diren emakumeen aurkako indarkeria kasuen prozesu judizial guztietan udala akusazio moduan aurkeztu behar dela iritzi dio.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Bilduk indarkeria matxista eta emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna izan ditu hizpide nagusi gaur goizean egindako ekitaldian.

Gipuzkoako hiriburuan emakumeentzat arriskutsuak diren guneak salatu ditu eta hirigintza-planak "irizpide feministak" kontuan hartu barik egitearen ondorio direla esan du.

Hala adierazi du Donostiako Bilduren bigarren zerrendaburuak, Josu Ruizek (EA), Atotxako lurrazpiko pasabidean egindako agerraldi batean. Hain zuzen ere, toki hori hiriko "puntu beltzetako bat" dela azpimarratu du. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak gainditzeko Donostiako Udalak neurriak hartu behar dituela esan du eta, besteak beste, "aipatu ezberdintasunak agerian uzteko diagnostiko berri bat" egitea eta kaleratzea proposatu du. Era berean, berdintasunaren alorrari eskainitako aurrekontua "handitzea" beharrezkoa dela azaldu eta berdintasunaren udal batzordea eratzea garrantzitsua dela iritzi dio. Batzorde horren eginkizuna litzateke Udalaren departamentu guztietako berdintasunerako planak zorrotz betetzen direla zaintzea. Bestalde, Josu Ruizen arabera, Donostian gertatzen diren emakumeen aurkako indarkeria kasuen prozesu judizial guztietan udala akusazio moduan aurkeztu beharko litzateke.

"Donostiako Udala lehendabiziko lerroan egon behar da salaketak egiterakoan, asistentziaren koordinazioa hobetzerakoan eta prebentzio-programak martxan jartzerakoan", nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea