X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina Nafarroan
PSNk kirol azpiegitura publikoak eskatu ditu Iruñeko auzoetan
Juan Moscoso alkategai sozialistak "pertsonak integratzeko bidea, bizitza osasuntsua izateko aukera eta pertsonak garatzeko modua" ikusten du kirolean. Gainerako alderdiek ere egin dituzte ekitaldiak.
Erredakzioa
Hauteskunde-kanpainaren bosgarren egunean alderdi politikoek Nafarroa osoan zehar ekitaldi politikoak egiten jarraitzen dute, zerrendaburu eta hautagai nagusiak protagonista direlarik.
Ultzamara joan da gaurkoan Yolanda Barcina UPNren presidente eta Nafarroako presentegaia eta Lizasoko zalditegian izan da, eta bertan ekonomia berdearen eta nekazalturismoaren aldeko apustua egin du.
Barcinak nekazalturismoarekin zerikusia duten hainbat enpresa bisitatu ditu eta "Nafarroaren orekari eusteko faktore estrategikoak eta nekazaritzaren garapena sustatzeko zutabeak" direla azpimarratu du.
Uxue Barkos Nafarro Bai 2011ren Iruñeko alkategaia, bere aldetik, Sanferminen Museoa eraikitzearen kontra agertu da eta "Yolanda Barcinaren adierazpen melomanoa besterik" ez dela salatu du. Era berean, ostalaritzarentzat eta merkataritzarentzat "alternatiba serioak" proposatuko dituztela eta "Iruñea 2016 hautagaitza kulturala berrikusiko" dutela hitz eman du.
Mendillorrin, Juan Moscoso PSNren Iruñeko alkategaiak kirolaren aldeko apustua egin du "pertsonak integratzeko bidea, bizitza osasuntsua izateko aukera eta pertsonak garatzeko modua" delako. Hori horrela, "auzoetan kirol azpiegitura publikoak" eraikitzea proposatu du, "ezgaitasun fisikoak dituztenentzat egokituak".
Jose Javier Villafranca Iruñeko Udalerako CDNren hautagai nagusiak "Argaren parkea osatzea eta ostalaritzari eta turismoari zuzendutako eraikin bat" egitea proposatu du.
Izquierda-Ezkerrako hautagaiek etxebizitza izan dute hizpide gaur. Edurne Eguino Iruñeko alkategaiak eta Marisa Simon presidentegaiak ekitaldia egin dute Gaztelu plazan eta etxeak erostearen gainetik alokairua sustatu behar dela aldarrikatu dute. Era berean, birgaitzeak sustatzea eta Etxebizitza Hutsen Foru Legea onartzea proposatu dute, etxe hutsak dituztenei zergak gogortzeko.
Nafarroako PP Atarrabian izan da eta lehenengo aldiz Nafarroa iparraldean ere aurkeztuko denez argi adierazi nahi izan dute "herritar nafar guztiekiko konpromisoa" dutela, Santiago Cervera presidentegaiak adierazi duenez. Nafarroako PPk emaitza onak lortzea espero du horrela "alternatiba" izan daitekeelako.
Maiorga Ramirez Bilduren Nafarroako presidentegaiak azpimarratu du krisiaren kontrako egitasmo onenak "UPN Gobernutik botatzea eta erabakitzeko eskubidea indartzea" direla.