X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Bilduko hautetsiek kargua utziko dute ustelkeria susmoak badaude
Ustelkeriaren kontrako adierazpena sinatu dute eta proiektu garrantzitsuenen inguruan herri-galdeketak egingo dituztela hitz eman dute.
Erredakzioa
Bilduren Gipuzkoako hautagaiek ustelkeriaren kontrako adierazpena sinatu dute gaur eta bertan argi esaten dute ustelkeria kasuetan nahasitako hautetsiek kargua utziko dutela. Era berean, proiektu garrantzitsuenen inguruan herri-galdeketak egingo dituztela hitz eman dute.
Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak eta Iñaki Agirrezabalaga (EA) Zumaiko alkateak eman dute adierazpenaren berri Donostian egindako ekitaldi batean, eta "botereak edo politikak" ez dietela "aldatuko" azpimarratu dute.
Hurrengo legegintzaldian Bildu erakundeetan sartzeak erakundeetara "aire freskoa" sartuko duela adierazi dute. Gainera, EAk, Alternatibak eta independenteek osatzen duten koalizioko hautetsiek haien diru-sarreren eta ondarearen berri emango dutela eta "gardentasuna" izango dela haien ezaugarri nagusia goraipatu dute.
"Gure kargua dagokionaren esku uzteko konpromisoa hartzen dugu ustelkeriaren inguruko zalantza minimo bat sortzen bada", azpimarratu du Garitanok, sinatu duten adierazpenari erreferentzia eginez.
Bestalde, herri-galdeketen bitartez proiektu garrantzitsuenen inguruko azken hitza herritarrena izango dela esan du eta "beharrezko baliabideak" jarriko omen dituzte erreferendumen "bideragarritasuna bermatzeko".Koalizioak kontratazio eta kudeaketa zuzen eta publikoaren aldeko apustua egin du eta bere esku geratzen diren udal, aldundi eta erakunde guztietan kontu-ikuskaritzak egingo dituztela hitz eman du, bai legegintzaldiaren hasieran, bai amaieran.