X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
NUPek finantziazio 'nahikoa eta egonkorra' edukitzea eskatu du CDNk
Unibertsitate publikoaren aldeko apustua egin du eta gogor kritikatu du "Reyno de Navarra Arena bezalako azpiegiturak" eraikitzea. Gainerako alderdiek mezu desberdinak zabaldu dituzte.
Erredakzioa
Alderdietako hautagai nagusiek mezu desberdinak zabaldu dituzte kanpainaren 6. egunean ahalik eta herritar gehien eurenganatzeko.
Yolanda Barcina UPNren Nafarroako presidentegaiak ezker abertzaleak ez-abertzaleei eragiten dien "beldurra eta presioa" salatu du eta Bilduri "ETAko presoei ematen dieten babesa argi eta garbi errefusatzeko" eskatu dio.
Herritar talde batek Barcinaren kontra jo du herrira iritsi denean. UPNren hautagaiak Basaburuan alkatea eta zinegotzi guztiak Bildurenak izango direla azpimarratu du, izan ere, "ez da beste zerrendarik aurkeztuko" eta 2007ko hauteskundeetan denak ANVrenak izan ziren.
Nafarroa Bai 2011 hiriburuan izan da eta bere mezu nagusia "Irisgarritasun Lege Integrala" babestera mugatu du. Horretarako, eskualdeetako garraio publikoaren egungo lineak berrikustearen, bizikletaren erabilera sustatzearen eta Iruñerrian tranbia eraikitzeko proiektua berreskuratzearen alde egin du.
Montañesa enpresaren aparkalekuan izan dira Juan Carlos Longas eta Aritz Romeo koalizioaren hautagaiak eta mugikortasun beharren azterketa, garraio ekologikoen sustapena eta "eskualde mailako tranbia" bideragarri egitea aldarrikatu dute.
Bestalde, Roberto Jimenez PSNren presidentegaiak zerga eredu "justuagoa" eskatu du, iruzurraren kontra "indartsu" egingo duena.
Horretarako, eta enpresek enplegua sortzeko nahikoa aberastasun lortzeko, zerga politika aldatzea proposatu du: "Gehiago dutenei gehiago kobratuz". Gainera, iruzurra % 35 murrizteko lau urteko egitasmoa jarri du mahai gainean.
Jose Javier Villafranca eta Jose Andres Burguete CDNren Iruñeko alkategai eta Nafarroako presidentegaiak unibertsitate publikoaren aldeko ekitaldia egin dute NUPen bertan. Finantziazio "nahikoa eta egonkorra" eskatu dute eta gogor kritikatu dute UPNren Gobernuak alor horretan egiten duen lana.
Adibide gisa, "Reyno de Navarra Arena bezalako azpiegitura zentzugabea" salatu dute, izan ere, "funts publiko handiak xahutu" dituzte horretarako "lehentasunik eta premiarik ez" badu ere.
Izquierda-Ezkerrak nortasunen bizikidetzari eskaini dio gaurko eguna. Txema Mauleon Parlamenturako hautagaiak "Nafarroan kultura komuna ekarriko duen nortasunen bizikidetza ituna" eskatu du, "autogobernua hobetzeko" eta "borroka politikoaz gaindiko euskararen aldeko akordioa" lortzeko.
PP Nafarroa erdialdean eta Erriberan izan da gaurkoan, eta Tuteran Lourdes auzoko erretiratuen elkartearekin bilera egin du.
Bilduk ustelkeriaren kontrako borroka eta demokrazia partehartzailearen aldeko aldarria egin du Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Gipuzkoan egin duten moduan, ustelkeriaren kontrako adierazpena sinatu dute hautagaiek.
Adierazpen horren arabera, Bilduren hautetsiek "dagokionaren esku" utziko dute kargua "ustelkeria zalantza izpirik badago".