X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Maiatzeko hauteskundeak

Bildu berriz inpugnatzeko arrazoirik ez du aurkitu Fiskaltzak

Hauteskunde-kanpainaren sei egunetan koalizioaren zerrendak bertan behera uztea eskatzeko zantzu berririk ez dutela topatu ziurtatu dute Fiskaltzak eta Gobernuak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Gorenaren aurrean Bilduren hautagaitzak berriro inpugnatzeko arrazoirik ez dute aurkitu Gobernuak eta Fiskaltzak.

Estatuko Abokatutzako eta Ministerio Publikoko iturriek jakitera eman dutenez, hauteskunde-kanpainaren sei egun hauetan Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta independente abertzaleek osatutako koalizioaren zerrendak bertan behera uztea eskatzeko zantzu berririk ez dute topatu. Ondorioz, koalizioa hauteskundeetan izango da.

Ander Errandonea Arruti ETAko preso ohiak Bilduren aldeko pankarta bat erakutsi zuen iragan asteartean, espetxetik ateratzean, baina koalizioaren zerrendak inpugnatzeko nahikoa ez dela erabaki dute. Izan ere, bitartekoen jarreren erantzukizunik ez du koalizioak, Fiskaltzaren esanetan.

Bilduren hautagaitzak berriro inpugnatu izan balituzte, Auzitegi Gorenak igandeko gauerdia baino lehen erabaki beharko zukeen eta helegite posible bat ebazteko epea larunbatean (maiatzaren 21) agortuko litzateke Auzitegi Konstituzionalaren kasuan, gogoeta jardunaldian.

Prozesua

Maiatzaren 1ean, Bilduren zerrenda guztiak atzera bota zituen Auzitegi Gorenak, Fiskaltzaren eta Gobernuaren demandak onartuta. Gorenaren arabera, Bildu "ilegalizazioa saihesteko Batasunaren eta ETAren iruzurra zen".

Hala ere, bost egun geroago, Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren epaia atzera bota zuen eta hauteskundeetan izateko baimena eman zion koalizioari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea