X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Maiatzeko hauteskundeak
Bilduri hauteskundeetara aurkezteko baimena eman dio Konstituzionalak
Bilera luze baten ondoren, azken bozketan, Bilduk aurkeztutako 254 hautagaitzak hauteskundeetan izatearen alde agertu dira sei magistratu. Beste bost epailek, ostera, aurkako botoa eman dute.
Erredakzioa
Bilera luze baten ondoren, Auzitegi Konstituzionaleko epaileek erabaki dute Bilduren hautagaiek maiatzeko hauteskundeetan parte hartu ahal izango dutela.
Horrela, Bildu maiatzaren 22ko hauteskundeetan izateko baimena eman du Konstituzionalak. Ondorioz, koalizioaren zerrendak baliogabe utzi zituen Auzitegi Gorenaren erabakiaren aurka egin du Konstituzionalak.
Auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez, azken bozketan, Bilduk aurkeztutako 254 hautagaitzak hauteskundeetan izatearen alde agertu dira sei magistratu. Beste bost epailek, ostera, aurkako botoa eman dute.
Alde ezberdinei erabakiaren berri eman die gauean Konstituzionalak, baina epaia datozen egunetan jakinaraziko dute. Sententzian bost boto partikular izan dira.
Erabakia
Ebazpenean bost boto partikular izan dira, PPren proposamenez izendatutako lau magistratuena eta Manuel Aragon Reyes epailearena. Reyes PSOEk proposatu zuen, baina koalizioaren helegitearen aurka bozkatu du, auzitegiko iturriek jakitera eman dutenez.
Konstituzionalaren hitzetan, koalizioak politikan parte hartzeko duen eskubidea urratu zuen Auzitegi Gorenak bere erabakiarekin. Eskubide hori Konstituzioaren 23. artikuluak arautzen du.
Auzitegi Konstituzionaleko Osoko Bilkurak Alderdien Legearen aplikazioaz eztabaidatzen duen aurreneko aldia da. Pascual Sala da osoko bilkura horretako presidentea.
Hiru orduko eztabaidaren ostean, aretoa osatzen duten hamaika magistratuek Francisco Jose Hernando epailearen txostena bozkatu eta atzera bota dute. Hernandoren txostenak Bildu hauteskundeetan ez izatea aldarrikatzen zuen.
Epea (24:00) amaitu baino 40 minutu lehenago, magistratuek bozkatu eta onartu dute txosten alternatiboa. Txosten alternatiboa Bilduren helegitearen aldekoa zen eta aldeko sei boto jaso ditu.
Luis Ignacio Ortegaren txostena
Azkenik, Luis Ignacio Ortega magistratu "progresista" izan da txostengilea, izan ere, Francisco Hernandok uko egin behar izan dio bere txostenari, koalizioaren errekurtsoaren aurkakoa baitzen.
Eugeni Gay, Elisa Perez Vera, Pablo Perez Tremps, Luis Ortega eta Adela Asua PSOEk izendatutako magistratuek Bilduren helegitearen aldeko botoa eman dute. Era berean, Pascual Sala Auzitegi Konstituzionaleko presidenteak alde bozkatu du.
Francisco Hernando, Ramon Rodriguez Arribas, Francisco Perez de los Cobos eta Javier Delgado PPk izendatutako epaileek, ostera, kontra bozkatu dute. Manuel Aragon Reyes magistratu "progresistak" ere aurkako botoa eman du.
Laugarren aldia
Auzitegi Gorenak ezker abertzalearekin lotutako hautagaitzak baliogabe utzi ditu hainbat aldiz. Gaurkoa Auzitegi Konstituzionalak Gorenaren erabakia atzera bota duen laugarren aldia da.
Gorenaren erabakia atzera bota zuen azken aldia Iniciativa Internacionalistaren auzian izan zen, 2009an.