X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Gasteizko Aralar: 'Udaletxean azken hitza herritarrena izan behar da'
Andres Landa (Aralar) Gasteizko alkategaiak uste du "informazio gardena" eman behar dela eta herritarrek "informazio publikoa" eskuragarri izan behar dutela, eta ondorioz, horren alde egingo du lan.
Erredakzioa
Aralarrek "herritarren hitza" udaletxera eramango duela iragarri du, gizartearen eta politikarien arteko aldea murrizteko asmoz.
Andres Landa (Aralar) Gasteizko alkategaia "herritarrek politika modu zuzen batean" parte hartu behar dutela sinetsita dago, eta "ordezkaritza politikoaren gainetik, boterea herritarren esku" dagoela erakutsi nahi du.
"Politikariak eta herritarrak elkarrengana hurbiltzeko aukera bakarra parte-hartzerako bideak irekitzea da, azken hitza herritarrei emanda", azaldu du.
Aralarrek Gasteizko alkatetza lortuz gero, bide horiek irekitzeko lan egingo duela esan du Landak. "Lau urtean behin botoa emateaz gain, herritarrek politikagintzan eragiteko aukera izan behar dute", erantsi du.
Ildo berean, Gasteizko Udalak araudi zorrotzen bidez herritarren parte-hartzeari traba gehiegi jartzen dizkiola salatu du.
"Informazio gardena ematea eta herritarrek informazio publikoa eskuragarri izatea ahalbidetuko du Aralarrek, eta parte-hartzerako auzoetako asanbladak bultzatuko ditu", agindu du Landak.
Amaitzeko, eta parte-hartzea bermatzeko bide horretan, teknologia berriak bultzatuko ditu Aralarrek, administrazioarekin komunikazioa sustatzeko eta herritarrek, besteak beste, "eztabaida sortzen duten gaietan" kontsultak egin ahal izan ditzaten.