X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
AHT errefusatu eta 'tren sozialaren alde' egin du Aralarrek
Ainhoa Beola Donostiako alkategaiak salatu duenez, "AHTk diru-kutxa publikoak hipotekatzea ekarriko du, ingurumenean kalte jasanezina eragingo du eta ez ditu herriak eta hiriak lotuko".
Erredakzioa
Ainhoa Beola (Aralar) Donostiako alkategaiak "tren sozialaren, bidegorrien eta metropoliko garraio publikoaren" aldeko apustua egin du, "azpiegitura erraldoiak eraiki beharrean".
Donostiako Easo plazaren aurreko geltokian egin du ekitaldi politikoa Aralarrek. Beolak esan duenez, bere alderdiaren erronka nagusietako bat garraioa izango da, "garraio pribatuaren gehiegizko erabilera murriztu behar delako, garraio publikoaren alde eginda".
"Garraio publiko, jasangarri eta eraginkorra" babestu du, "baita egun existitzen diren bidegorrien sarea industria-gune guztietara hedatzea eta Pasaia eta Donostiako aldeko loturak amaitzea ere".
"Bizikletak alokatzeko puntuak auzoetara, hiriko sarreretara, ospitaleetara eta industria-guneetara, eramatea proposatzen dugu", adierazi du.
Horrez gain, hirigintzako plan berrietan bizikletak uzteko guneak kontutan hartu behar direla esan du.
Bestalde, Beolaren iritzian, "trenbide-sare azkarra, merkea eta jasangarria behar dugu; horrenbestez, Abiadura Handiko Trena Donostira eta Euskal Herrira heltzearen aurka gaude; izan ere, diru-kutxa publikoak hipotekatzea ekarriko du, ingurumenean kalte jasanezina eragingo du eta ez ditu herriak eta hiriak lotuko".
Gauzak horrela, ''topoak'' eskaintzen duen zerbitzua hobetzearen alde egin du. "Trena Intxaurrondo, Altza edota Ribera bezalako auzoetara iritsi behar da, eta Donostia Zumaiatik hasi eta Irunera lotu behar du, Astigarragatik eta Hernanitik igarota", proposatu du.
Azkenik, "bilete bakarra gauzatu dadin" lanean jarraituko duela azpimarratu du Aralarren hautagaiak.