X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Trebiñu Araban integratzea eskatu du EAJk
Xabier Agirrek salatu duenez, "badirudi Burgosi, Gaztela eta Leoni eta Madrili gai honek kezkatzen ez diela". Trebiñuko herritarren borondatea eta erabakia errespetatzeko deia egin du Agirrek.
Erredakzioa
Xabier Agirre (EAJ) Arabako ahaldun nagusigaiak Trebiñu Araban integratzeko konpromisoa agertu du, "inolako zalantzarik ez baitut Trebiñu Araba dela".
Argantzonen egindako ekitaldi politiko batean egin ditu adierazpenok Xabier Agirrek. Lehenengo aldia da EAJk Trebiñuko udaletxeetara hautagaitzak aurkezten dituela.
Xabier Agirrek Trebiñuko herritarren "borondatea eta erabakia" errespetatzeko deia egin du eta aldarrikapen hori "beharrezkoak diren foru guztietan" defendatuko duela agindu du.
"Trebiñu Araban integratzeko lanean jarraituko dugu; hori da gure konpromisoa", nabarmendu du. Afera honek "Burgosen, Gaztela eta Leonen eta Madrilen" kezkarik sortu ez duela deitoratu du.
"Integrazio prozesua geldi baldin badago ere, horrek ez du gure asmoa zapuztuko eta egoera blokeo egoeratik ateratzeko lanean jarraituko dugu, Trebiñuko herritarrek euren borondatea gauzatu ahal izateko", azaldu du.
Agirreren esanetan, ezinbestekoa da Trebiñu Arabako parte dela aldarrikatzeko ekimenak abian jartzea.