X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Felipe Gonzalez: 'ETAren amaiera inoiz ez dugu hain hurbil izan'

Bestalde, Alderdi Sozialistak Barakaldon egindako ekitaldian, Patxi Lopez EAJri zuzendu zaio: "PSE irabazteko aurkezten da hauteskundeetara, ez PPrekin edo besteren batekin akordioak sinatzeko asmoz".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Felipe Gonzalez Espainiako Gobernuko presidente ohia Barakaldon izan da eguerdian, PSEko hautagaiei babesa emateko eta Alderdi Sozialistaren aldeko botoak eskatzeko.

Felipe Gonzalezek azpimarratu duenez, "ETAren indarkeriaren amaiera inoiz ez dugu hain hurbil izan". Alabaina, onartu du horrelako baieztapenak egitea oso arriskutsua izan daitekeela.

"ETAren aurkako borrokan, Gobernurik onena Zapatero eta Rubalcabak osatzen dutena izan da, eta Patxi Lopezena Euskadin; hala ere, eskuindarrek Alderdi Sozialistarenganako inoiz baino jarrera bortitzagoa dute", kritikatu du. "ETAk armak utziko balitu, Mayor Oreja bezalako pertsonak disgustatuta geratuko lirateke, euren diskurtsoa amaituko bailitzateke", erantsi du. Felipe Gonzalezek salatu du Alderdi Popularrak "Bilduk baino publizitate gehiago" egiten diola ETAri. "Indarkeria legegintzaldi honetan amaitzeak izua eragiten die", erantsi du.

PSEk Barakaldon egin duen ekitaldi nagusian Patxi Lopez lehendakaria, Jose Antonio Pastor Bizkaiko ahaldun nagusigaia eta Tontxu Rodriguez Barakaldoko alkategaia ere izan dira.

Lehendakariak gogor kritikatu du EAJk "indar abertzaleak batzeko" egin duen deia, "PSE-PP frontea aitzakia hartuta". Patxi Lopezek azpimarratu duenez, "PSE-PP frontea ez da exisitzen; PSE irabazteko asmoz aurkezten da hauteskundeetara, ez PPrekin edo beste alderdiren batekin akordioak egiteko asmoz".

Alderdi Popularraren jarrera ere salatu du lehendakariak; izan ere, "EAJrekin hitzarmenak sinatzeko prest daude, soilik PSEri alkatetzak kentzeko; ez dute ez proposamenik, ezta programarik ere".

"Batzuen eta besteen helburu eta obsesio gara, eta gu boteretik kentzeko ordaindu beharreko prezioa bost axola zaie", nabarmendu du Patxi Lopezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea