X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde kanpaina

Langileen aurkako 'erasoak' hauteslekuetan gelditzeko dei egin du EBk

Alderdiak "matxinatzeko" eskatu die herritarrei eta "gazteei", haien botoak "oso baliotsuak" baitira.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arantza Gonzalez EBren Gipuzkoako ahaldun nagusigaiak "iraultza demokratikoa" egiteko dei egin die herritarrei eta "gazteei", "eskuin neoliberalak langileen aurka egindako erasoak" hauteslekuetan geldiarazteko.

Gonzalezek Donostian egin ditu adierazpenok. Bertan, Gipuzkoako erraustegi proiektuaren aurkako ekitaldi bat egin du alderdi ezkertiarrak.

Gonzalezek "matxinatzeko" eta bozkatzera joateko eskatu die herritarrei, haien botoek "balio handia" dutelako eta langileek ezin dituztelako "onartu" eskuin neoliberalen partetik etorritako "erasoak". Eraso horiek "PSOEk" egin ditu, "EAJk babestu ditu" eta "PPk txalotu egin ditu, intimitatetik".

Bestalde, Kintxo Gomez Donostiako alkategaiak zaborren kudeaketa jasangarriaren alde egin du, eta baztertu egin du PSEk, EAJk eta PPk "inposatu" nahi duten erraustegia sortzea, donostiarren eta gipuzkoarren osasuna eta ekonomia "arriskuan" jarriko dituelako.

"Erraustegia zarrastelkeria ekonomiko sinestezina da, hondakinen kudeaketa bankuen esku uzten duelako, eta haiek mozkinei baino ez diete begiratzen, gizartearen osasuna eta beharrizanak kontuan hartu gabe", adierazi du.

Gomezek gogorarazi du errausketak ez duela ixten "zaborraren zikloa", zabortegi bat behar baitu hondakin toxikoak uzteko.

Bere esanetan, EAJk eta PSEk ez dute "zabor bilketa selektiboen" alde egiten, bosgarren edukiontzia "Amaran, Azpeitian, Orion eta Zarautzen" baino ez baitago.

Ezker Batuko hautagaiak esan du erraustegia geldiarazteko lanetan jarraituko dutela, eta sistema jasangarriagoen alde egingo dutela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea