X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde kanpaina
Bildu 'edozeinekin' hitz egiteko prest agertu da
Pello Urizarrek azaldu du balizko bilera horietan normalizazio politikoa "lehentasun" izatea exijituko lukeela.
Erredakzioa
Pello Urizar EAko idazkari nagusiak iragarri du Bildu koalizioa "PSErekin eta beste edozeinekin" batzartzeko prest dagoela hauteskundeen ostean, baina balizko elkarrizketa horietan normalizazio politikoa "lehentasuna" izatea exijituko lukeela gaineratu du.
Koalizioak ekitaldi bat egin du larunbat arratsaldean Barakaldoko BECen, milaka pertsonaren aurrean.
Jarraitzaileak "Independentzia!" oihukatzen izan dira askotan, eta, horren ildotik, Urizarrek nabarmendu du independentzia lortzea koalizioaren helburu nagusia dela.
Bere esanetan, maiatzaren 22ren ostean Bilduk "guztiekin eta baldintzarik gabe" hitz egingo du, "hala eskatzen baitu herrialde honetako gehiengoak", baina normalizazioa oinarri izan beharko da. Gainera, Brian Currinek zuzentzen duen bitartekari taldearen lana babesteko ere exijituko du.
Urizarrek adierazi du Bilduren alde bozkatzea "boto erabilgarri bakarra" izango dela, EAJren "itunek" eta "PSOEren eta PPren bide polizialek" ez baitute emaitzarik eman. Bere hitzetan, alderdi horien ereduek ez dute aurrerapausorik egin justizia sozialaren, eraikuntza nazionalaren eta normalizazioaren bideetan.
Oskar Matute Alternatibako buruak esan du Bildu "epe luzerako" proiektu gisa jaio dela, eta hauteskundeen ostean "ibilbide politiko luzea" izango duen itxaropena agertu du, "EAJren, PSEren eta PPren" nagusigoa "herriz herri" lehiatzeko.
Bilduren ekitaldian EAko buruzagi ohiak (Carlos Garaikoetxea lehendakaria eta Rafael Larreina, kasu) eta ezker abertzaleko buru historikoak (Periko Solabarria, kasu) izan dira.