X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Gasteiz ongizatearen erreferente izateko lan egingo du Xabier Agirrek
Arabako ahaldun nagusigaiak adierazi duenez, gizarte-politikak bultzatuko ditu eta Alde Zaharreko eskaintza kulturala suspertzea bilatuko du.
Erredakzioa
Xabier Agirre (EAJ) Arabako ahaldun nagusigaiak esan du, agintean jarraituz gero, Gasteiz Arabako garapen ekonomiko eta sozialaren "motorea" izatea lortu arte lan egingo duela. Gasteizen goizean egindako ekitaldi politiko batean egin ditu adierazpen horiek. Azken legealdian bere gobernuak burututako ekimenak ekarri ditu gogora eta datozen urteotarako egitasmoak iragarri ditu.
EAJren helburua "Gasteiz susperraldi ekonomikoaren bidean" jartzea dela adierazi du, "ongizatearen eta bizi-kalitatearen eredu izaten jarrai dezan". Agirreren bigarren erronka nagusia gizarte-politikak bultzatzea izango da eta azken lau urteotan gauzatutako neurriak nabarmendu ditu: "adinekoentzako, ezinduentzako eta bazterketa soziala jasateko arriskuan dauden pertsonentzako 500 plaza berri jarri dira egoitza ezberdinetan; zaharren egoitza ireki da Lakuan, azken 10 urteotan horrelako eraikin berririk egin ez denean; gainera, Abetxukon eguneko zentroa eta bizitzeko beste egoitza bat eraikitzeko lanean ari dira". Arabako EAJren hirugarren helburua Gasteizko eskaintza kulturala suspertzea izango da, Alde Zaharrean ahalegin berezia eginda. Bestalde, ekonomia suspertzeko bitarteko estrategikoa "inbertsio publikoa" dela adierazi du Agirrek, eta Arabako Gobernuak abian jarritako ekimenak aipatu ditu: "Gasteizko tranbiaren finantziazioa, etorkizuneko geltoki intermodala, trenbidearen lurperatzea hirigunean, Arabako kanpusaren eraberritzea, Jundizeko portu lehor berria eta errepideen hobekuntza".