X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde kanpaina

Urkulluk eta Egibarrek ukatu dute sozialistekin 'itun sekretua' dutela

EAJren esanetan, Euskadin dagoen bakarra PSEk eta PPk sinatutako "itun hautsiezina" da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak "balizko itun sekretuekin nahasten uzteko" eskatu du gaur, eta gaur egun Euskadin dagoen bakarra PSEk eta PPk sinatutako "itun hautsiezina" dela gaineratu du. Halaber, herritarrek itun hori "suspenditu" dutela adierazi du.

"Ez esan EAJk edo Urkulluk ez dakit zer itun sekretu duela Zapaterorekin, ez nahastu euskal gizartea EAJk batekin edo bestearekin itunak egingo dituela esaten, haiek guztiak nahasita baitaude itunak norekin adostu erabakitzeko", esan du.

Urkullu Bergaran izan da igande goizean, Joseba Egibar Gipuzkoako EAJko presidentearekin, Markel Olano ahaldun nagusigaiarekin eta Aitzane Oiarbide alkategaiarekin.

"Zorra, gatazka eta paralisia da PSE-PP itunaren benetako balantzea", kritikatu du buruzagi jeltzaleak, eta "promestutakoa ez betetzea" leporatu die aipatu alderdiei. Horren ildotik, Urkulluk gogorarazi du ''popularrek'' eta sozialistek "enpleguari buruzko itun handi bat'' promestu zutela, baina azken hilabetean Euskadi izan dela langabezia gehien hazi den lekua.

Bere aldetik, Joseba Egibar GBBko presidenteak mezu zuzena helarazi die "EAJk Alderdi Sozialistarekin zer-nolako akordio sekretu dituen" galdetzen dutenei, eta akordioaren "antza" izan duen gauza bakarra Bilduri hauteskundeetan parte hartzen uztea exijitu izana izan dela azaldu du.

Buruzagi gipuzkoarrak azpimarratu du "exijentzia" hori ez dutela egin "sinpatia politikoagatik", baizik eta "konbentzimendu politikoagatik". "Hori izan da EAJren jarrera Alderdien Legearen aurretik eta ondoren ere", azaldu du.

Markel Olano ahaldun nagusigaiak txalotu du hauteskundeetan "sentsibilitate guztiek" hartuko dutela parte, eta euskal gizartea ezker abertzalearen "ideia politikoekin eta ekonomikoekin" ados ez dagoen arren, hauteskundeetan parte hartzea defendatzen duela agertu du.

Bere esanetan, herritarrak ez datoz bat "PP-PSE frontearekin", "nazionalismoa baztertzeko estrategia bat gorpuzten" ari baita erakunde guztietan. "Gizarterak ez du onartzen lehendakari hori, nazionalismoa erakundeetatik kanporatzeko estrategiaren sustatzailea baita", esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea