X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

Matute: 'PPk askatasunak eta eskubideak murriztuko ditu'

Matuteren ustez, PP Espainiako Gobernura heltzean "Bildu jomugan izango du, baina bere helburu nagusia demokrazia debaluatzea izango da, boterean mantentzeko, eta tamalez PSOEk jokoa egiten dio".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oskar Matute Bilduren bozeramaileak esan du Alderdi Popularrak "demokrazia bahituko" duela boterea berreskuratzen duenean eta koalizioaren aurka egingo duela.

Bilboko Arriaga plazan egindako ekitaldi politikoan, PPren asmo nagusia "askatasunak eta eskubideak murriztea" dela ohartarazi du, eta PSOEk nahi duena egiten uzten diola deitoratu du.

"Euskal Herriko eta Estatu espainiarreko biztanleek ulertu behar dutena da Alderdi Popularrak, boterea berreskuratzen duenean, askatasunak eta eskubideak murriztuko dituela, demokrazia kartoizko bihurtuta eta kultura demokratikoaren gainetik frankismo garaiko jarrerak inposatuta", ohartarazi du.

"Ikuspegi horren baitan, Bildu jomugan izango dute, baina helburu nagusia demokrazia debaluatzea izango da, boterean mantentzeko, eta, tamalez, PSOEk jokoa egiten dio PPri", erantsi du.

Bilduk joan den larunbatean Barakaldoko BECen egindako ekitaldia ere izan du hizpide. Matute pozik agertu da jendetza elkartu zelako bertan. "Guretzat oso garrantzitsua zen indar-erakustaldia egitea, desagertzear gauden koalizioa ginela edota programarik ez dugula esaten zutenen aurrean", onartu du.

Bestalde, Aitxiber Ibaibarriaga (Bildu) Bilboko udaletxerako bigarren zerrendaburuak gogor kritikatu ditu EAJ, PSE eta PPren neurriak, izan ere, "gizarte-politikak murriztu nahi dituzte, herritarrak defendatu beharrean kriminalizatu egiten dituzte, publikoa dena pribatizatu egiten dute eta prekarietatea bultzatzen dute".

Egungo krisi ekonomikoak EAJren kudeatzeko modua agerian utzi duela iritzi dio, "merkatuaren eta banketxeen alde egin baitute".

"Krisia eragin dutenei laguntzen diete makro-proiektuak finantziatuta, eta bitartean, laguntza sozialak murriztu dituzte. Bizkaiko Diputazioak eta Bilboko Udalak gutxiengoaren pribilegioak eta irabaziak hobesten dituzte, arazoak dituen gehiengoari lagundu beharrean", kritikatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea