X-eleccionesmunicipalesforales-X -

Hauteskunde-kanpaina

EAJk 'proiekturik' ez izatea egotzi dio Bilduri

Iñigo Urkulluren ustez, oso herritar gutxik nahi dute koalizioak kudeatzea Udaletako eta Aldundietako dirua.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu EAJko presidenteak ohartarazi du Bilduk ez duela "proiekturik, konpromisorik ezta programarik ere benetako Euskadirentzat", haren eskaintzak "abestiak, dantzak eta leloak" baino ez baititu oinarri. Bere ustez, oso herritar gutxik nahi dute koalizioak kudeatzea Udaletako eta Aldundietako dirua.

Urkullu Barakaldon (Bizkaia) izan da asteazken arratsaldean. Bertatik, gainera, balantze beltza egin du PSE-PP itunari buruz eta Patxi Lopez lehendakariaren agintaldiari buruz. Besteak beste, Bilboko Metroko matxurak, itxaron-zerrendak luzatu izana, pediatra kopurua murriztu izana eta asteburuetan anbulatorioak ixtea aipatu ditu.

Buruzagi jeltzalearen esanetan, sozialisten kudeaketaren ondorioz laguntza sozial gutxiago daude, eskoletako jantokien gatazka iraunarazten ari da, ikastetxeak arratsaldez itxita daude eta Europako herrialdeak Euskadi baino gehiago hazten ari dira. Urkulluk gogorarazi du Lopez lehendakari izan arte Euskadi "Europa baino gehiago" hazten ari zela, baina orain "blokeatuta" dagoela.

Halaber, buruzagi jeltzaleak ohartarazi du PSEk eta PPk "ituna, gatazkak, arazoak eta atzerapenak" zabaldu nahi dituztela udaletara eta foru aldundietara. "Ozen esango diegu igande honetan: Horrela ez! Alternatiba bakarra dago: Euzko Alderdi Jeltzalea", nabarmendu du.

EAJko presidenteak argudiatu du beste muturrean "Internazionala abesten eta dantzatzen duten pertsonak" daudela, hots, "mutur iraultzailea, ezetzaren txapeldunak".

Hori horrela, Urkulluk konpromisoa agertu du "bakegintza prozesua eta bizikidetza errotzeko, autogobernu esparru berria sustatzeko eta ekonomia suspertzeko".

Azkenik, gazteei zuzendu zaie, eta gogorarazi die EAJk langabeziaren aurkako plana aurkeztu duela. Besteak beste, honako neurriak aurrez ikusten ditu: prestakuntza kontratuen % 30 finantzatzea, 6.000 euro arteko laguntzak ematea autoenplegua sustatzeko eta 10.000 euro arteko internazionalizazio bekak ematea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea