X-eleccionesmunicipalesforales-X -
Hauteskunde-kanpaina
Garaikoetxea: 'Bilduk benetako bakea ekarriko du, epe laburrean'
Lehendakari ohiak ohartarazi du pertsona askori ez zaiola "interesatzen" bakea lortzea.
Erredakzioa
Carlos Garaikoetxea lehendakari ohia ziur agertu da Bilduk "benetako bakea" ekarriko duela "oso epe laburrean", jende askori "interesatzen" ez bazaio ere.
EAko presidente ohia Gasteizen izan da ostegun arratsaldean, Oskar Matuterekin, Kike Fernandez de Pinedo alkategaiarekin eta Idoia Zapirain ahaldun nagusigaiarekin batera.
Garaikoetxeak adierazi du Bildun tradizio politiko ezberdinetako pertsonak batu direla, eta "gutxieneko akordio inportanteak" ezartzeko gauza izan direla.
Lehendakari ohiak berretsi egin du Bildu edozein indarkeria motaren aurka dagoela: "Behin eta berriz esan dugu, baina badakizue batzuek ez dutela ikusi eta entzun nahi".
Bere iritziz, "askori" ez zaio interesatzen bakea lortzea. "Suntsipenaren politika baino ez dute nahi, baina ez dira ohartzen ezin dela suntsitu gizartearen sektore garrantzitsu baten sentimendua".
"Beste batzuei ez zaie interesatzen bide politikoen aldeko apustua, gehiengo fiktizioak eraikitzeko argudio bat eta manipulazio aukera bat amaitzen baitzaie", azpimarratu du.
Garaikoetxeak justifikatu egin ditu egunotan kalera atera diren protestariak: "Hainbat enpresaburuk 9 milioi euro irabazten dituzte, haiek [herritarrak] lana topatu ezinik dauden bitartean".