Udal eta foru hauteskundeak -
KANPAINAURREA
"Eraldatzen duen indarra" direla aldarrikatu dute EAEko zein Nafarroako Podemoseko kideek Iruñean
Alderdi moreak hainbat ekitalditan hartu du parte gaur, Güeñesen, Muskizen, Donostian eta Iruñean.
EITB MEDIA
Podemoseko hautagaiek hainbat ekitalditan parte hartu dute igande honetan. Alde batetik, Gueñesen egin den San Jose Ferian, Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza-IU, Alianza Verde koalizioaren Bizkaiko ahaldungaiak lehen sektorearekin eta Enkarterrirekin duen konpromisoa erakutsi du. Bestetik, koalizioko hainbat kidek Petronorreko garbitzaileen elkarretaratzean parte hartu dute, baita Pasaia eta Donostia artean arrazakeriaren eta xenofobiaren aurka urtero egiten den martxan ere.
Dena dela, ekitaldirik adierazgarriena Iruñean izan da. Bertan, EAEko ordezkariak Nafarroako eta Estatu mailako Podemoseko kideekin bildu dira eta guztiek elkarrekin, alderdi morea "eraldatzen duen indarra" dela aldarrikatu dute.
Horren harira, Pablo Fernandez Podemoseko bozeramailekideak ezkerreko alderdien arteko ezberdintasuna azpimarratu du etxebizitzaren gaia aintzat hartuta: "Etxebizitzaren legearekin oso ondo ikusten da PSOEren eta Podemosen arteko aldea. PSOErentzat etxebizitza merkatuko ondasuna da, eta guretzat, Ione Belarrak defendatzen duen bezala, oinarrizko eskubidea da".