Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpainaurrea
Elkarrekin Podemosek "euskal ezkerraren boto-paper bakarra" aurkeztu du Gasteizen
Garbiñe Ruiz Arabako hiriburuko alkategai aurkeztu da; Podemosek, Ezker Anitzak, Berdeak Equok eta Aliantza Berdeak osatutako koalizioarekin.
Agentziak | EITB Media
Pilar Garrido Unidas Podemosen Kongresuko diputatu eta Podemos Euskadiren koordinatzaile nagusiak adierazi duenez, "albiste ona" da maiatzaren 28ko hauteskundeetan, Gasteizen, Elkarrekin Podemosen "boto-paper bakarra" egongo dela, "euskal ezker feminista, berde eta ekologista eta soziala, modu kolektiboan hiri bat eraikiko duena, seguruagoa, feministagoa eta guztiontzako hobea".
Garrido Arabako hiriburuko Aldabe Gizarte Etxean izan da igande honetan, Garbiñe Ruiz alkategaiarekin batera, Elkarrekin koalizioaren zerrendaren aurkezpenean. Podemosek, Ezker Anitzak, Berdeak Equok eta Aliantza Berdeak osatutako koalizioaren hautagai izango da azken hori.
Bere hitzaldian, Podemosen koordinatzaile nagusiak eskerrak eman dizkio Garbiñe Ruizi "aurrerapauso bat eman duelako bere hiria defendatzeko, guztion artean hiri osasungarriagoa, seguruagoa eta iraunkorragoa birpentsatzen laguntzeko".
"Arlo publikoa defendatzea zein garrantzitsua den badakien indar politikoa da Elkarrekin Podemos", azpimarratu du, eta esan du datorren maiatzaren 28ko hauteskundeak "oso garrantzitsuak" direla, "gasteiztarrentzat ongizate handiagoa izango duten hiriak eraikitzen lagunduko digutelako".