Udal eta foru hauteskundeak -
Elkarrizketa
Javier Garcia (Nafarroako PP): "100 pertsona baino gehiago etorri zaizkigu beste alderdietatik"
Nafarroako PPko presidenteak ukatu egin du "UPNri OPA areriotsurik egin izana". Hauteskunde osteko itunez galdetuta, ez du baztertu erregionalistekin edo Voxekin akordioak lotzea, "Nafarroa konstituzionalista bat helburu" eta "foru erregimena defendatuta".
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Javier Garcia Nafarroako PPren (PPN, gaztelerazko laburduran) presidente eta Foru Gobernurako PPNren zerrendaburuak zehaztu duenez, "100 pertsona baino gehiago etorri zaizkigu beste alderdietatik", UPN barne. Besteak beste, horiekin osatu dituzte maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeetarako hautagaitzak. Dena dela, horren esanetan, "ez diogu UPNri OPA areriotsurik egin". "Guk egin dugun bakarra Nafarroari ekarpena egin nahi dioten horiei ateak irekitzea da, beste batzuek itxi baitizkiete", esan du.
Sayas eta Adanero UPNko diputatu ohiak edo Garcia-Barberena eta Alonso Iruñeko zinegotzi erregionalistak Nafarroako PPko zerrendetara igaro dira azken hilabeteotan, eta, hain justu, mugimendu horiek izan ditu hizpide Garciak Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan.
Udal eta foru hauteskundeen ostean izan daitezkeen itunak zeintzuk izan litezkeen galdetuta, "Chiviterekin inoiz akordiorik itxiko ez duen alderdi bakarra" direla nabarmendu du, eta "Nafarroa konstituzionalista" bueltan nahi duten horiekin adostasunak lortzeko prest azaldu da. Hala, aitortu duenez, UPNrekin akordioak lor ditzake eta Voxekin ere ez ditu baztertu. Horren kontura, ñabardura egin du: "Ikuskizun dago Parlamentuan ordezkaritza lortzen duten". Eta baldintza bat jarri du: " Foru erregimena babestu beharko du, hori Nafarroako PPren DNAn baitago".