Udal eta foru hauteskundeak -
Kanpainaurrea
Iturgaizek esan du EAJk eta EH Bilduk "gaztelera desagerrarazi eta euskara inposatu" nahi dutela
Euskadiko PPko presidenteak Durangon egindako hauteskunde ekitaldi batean parte hartu du. Bertan gaineratu duenez, ETAk "ez du hiltzen, baina EH Bilduren aldekoen bidez agintzen du".
Agentziak | EITB Media
Carlos Iturgaiz Euskadiko PPko presidentearen ustez, ETAk "ez du hiltzen, baina talde terroristaren apologia egiten duten EH Bilduren aldekoen bidez agintzen du". Halaber, ziurtatu du EAJk eta EH Bilduk, Hezkuntza Legearen bidez, "gaztelera desagerrarazi eta euskara inposatu" nahi dutela.
PPk Durangon egin duen hauteskunde ekitaldi batean parte hartu du Iturgaizek, eta bertan izan dira Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentearen Kabineteko zuzendaria, Miguel Angel Rodriguez, Carlos Garcia alkategaia eta Raquel Gonzalez Bizkaiko ahaldun nagusigaia.
Testuinguru horretan, Euskadiko PPko presidenteak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearen "gezurrak" kritikatu ditu, "EH Bilduko etakideekin" ituna egiteko eskrupulurik ez duelako.
Halaber, EAJ "iparra galtzen eta erradikalizatzen" ari dela ziurtatu du, eta alderdi jeltzalea EH Bildurekin Hezkuntza Legean "eskutik" joatea gaitzetsi du.
Hala, EAJri botoa ematea EH Bilduk ez irabazteko boto baliagarria izatea ukatu du, jeltzaleek "euskal zentro eskuinaren" botoa nahi dutelako "EH Bilduren eta Pedro Sanchezen zerbitzura jartzeko". "Andoni Ortuzarri entzun diogu Sanchezek gobernatzea nahi duela. EAJri emandako boto erabilgarria Otegiren eta Sanchezen politikak egiteko da", gaineratu du.