Itxi

Sanferminak

SANFERMINAK 2016

Sexu-erasoen biktimak artatzeko zerbitzua indartuko dute sanferminetan

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

'Eraso sexistarik gabeko jaien alde' kanpainaren baitan, iaz bezala, informaziogune bat jarriko dute Gaztelu plazan,  sexu-erasoen biktimei laguntzeko.

  • Gaztelu plazan jarriko dute informaziogunea.

Iruñeko Udalak sexu-erasoen biktimei laguntzeko arreta-zerbitzua indartu egingo du sanferminetan. Horretarako, informaziogune berezi bat jarriko dute Gaztelu plazan, 'Eraso sexistarik gabeko jaien alde' kanpainaren baitan. Iaz, 5.000 salaketa jaso ziren jaietan, sexu-erasoekin lotuta.

Ekimen horrekin, Iruñeko Udalak eraso sexistak pairatzen dituzten pertsonak babestu nahi ditu. Alde horretatik, erasorik izanez gero eman beharreko pausuak azalduko dizkiete biktimei, eraso sexistei aurre egin diezaieten. Era berean, biktimek Udalaren babesa izango dute poliziarengana, epaitegietara, psikologoarengana edota ospitalera joateko orduan.

Halaber, indarkeria sexistaren aurka herritarrek ematen duten erantzuna oso garrantzitsua dela azpimarratzen du kanpainak. Izan ere, Laura Berro Berdintasun eta LGTBI zinegotziak adierazi duenez, emakumeen aurkako erasoen aurrean ?jarrera aktiboa? erakutsi behar da, ?erasotzaileak direlako arduradun bakarrak?.

Gainera, jaietan berdintasuna bermatu behar dela ziurtatu du, ?jaiak gizonentzat zein emakumeentzat direlako?. Alde horretatik, jaietan ?ez du denak balio; ezetza ezetz da, eta baiezkorik aipatu ezean, ezetz esan nahi du?.

Kanpaina honekin, Iruñeko Udalak emakumeen segurtasuna indartu nahi du sanferminetan. Modu berean, eraso sexistak pairatzen dituzten emakumeei euren babesa helarazi nahi diete, eta euren esku dauden zerbitzuak azaldu nahi dituzte.

Berrikuntza modura, aurten 600 inkesta egingo dituzte eta sare sozialak ikertuko dituzte jarrera sexistak sustatzen dituzten diskurtsoak identifikatzeko eta horren aurrean neurri egokiak hartzeko.

Gainera, emakumeen aurkako erasoak salatzeko telefono zenbaki bat jarri dute martxan. Bertara deitzen dutenek, Udalaren babesa jasoko dute.

_________________________

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak edota deitu telefono hauetako batera: 900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan); doakoak dira eta ez dute arrastorik uzten fakturan.