Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Fabrika Bandera

Tolosaldeak garaipen historikoa lortu du Donostiako uretan

G. P. A. | EITB MEDIA

Tolosaldeak lehen aldiz irabazi du bandera bat Euskotren Ligan. Orio sailkatu da bigarren, eta Arraun Lagunak, berriz, hirugarren.

1:19
Tolosaldea

Tolosaldeak irabazi du Fabrika Bandera, Donostiako uretan erakustaldi polita emanda, eta Oriorekin azkeneraino lehia estua izan eta gero. 

Garaipen historikoa da Ramon Erostarbek entrenatzen duen taldearentzat, lehen aldiz irabazi baitu bandera bat Euskotren Ligan.

Donostia Arraun Lagunak sailkatu da hirugarren, eta lehenengo txandan azkarrena izan den Hondarribiak laugarren tokia kendu dio Zumaiari

Goi-mailako arraunketa ikusi dugu Donostiako estropadan. Lehendabiziko luzean, lau ontziak parean joan dira, eta Arraun Lagunak, Orio eta Tolosaldea tartekatu dira buruan.

Nerea Perezek zuzendutako kuadrillak ez du irteera ona egin, baina atzetik aurrerakoa egin du, pixkanaka-pixkanaka, eta bi segundoko abantailarekin iritsi da kanpoaldera.

Gainera, ziabogaren ostean zuloa handitzea lortu du: 4 segundo atera dizkio Oriori, 12 Arraun Lagunaki eta 13 Zumaiari. 

Bigarren luzean, agerian geratu da garaipena Tolosaldeak edo Oriok eskuratuko zutela. Borroka estua izan dute, eta azken txanpan, olatu ona hartuta, Oriok segundo bakarrera murriztu du aldea. Emozioa izan da bukaeraraino, baina Tolosaldeak ez du hutsik egin, abantailari eutsi dio eta bere lehen bandera eskuratu du Euskotren Ligan.

Arraun Lagunak eta Zumaia, berriz, atzerapen handiarekin sartu dira: 16 eta 26 segundora, hurrenez hurren.

Lehenengo txandan, Hondarribia izan da azkarrena, estropada bikaina eginda, eta laugarren postua kendu dio Zumaiari.

Hirugarren jardunaldia amaituta, Arraun Lagunakek jarraitzen du lider, gainean ditu Orio eta Tolosaldea. Orain arte ikusitakoarekin, ematen du Euskotren Liga oso lehiatua izango dela. 

Fabrika Banderaren sailkapena.

Fabrika Banderaren sailkapena.

Euskotren Ligako sailkapen nagusia.

Euskotren Ligako sailkapen nagusia, hirugarren jardunaldia amaituta.