Itxi

Arrauna

Arrauna

Arrauna

Eusko Label Liga

Asteburu biribila Urdaibairentzat, eta zapore garratza Tiranentzat, maila galdu baitu

ERREDAKZIOA | EITB

San Juanek mailari eutsi dio momentuz, jaitsiera automatikoa saihestuz. Hortaz, Tiranek azken sailkatu gisa bukatu du denboraldia, eta, ondorioz, agur esan dio Eusko Label Ligari.

1:17

Bermeotarrek garaipen bikoitza erdietsi dute Galiziako uretan, Moañako eta Boiroko banderak eskuratuta. Hala ere, Urdaibai ez da asteburuko protagonista bakarra izan, San Juanek eta Tiranek askoz ere gehiago baitzuten jokoan: Eusko Label ligako jaitsiera zuzena. Lehen txandan, Tiran San Pedrotik 4 segundora eta San Juandik zazpira geratu da. Beraz, "nerbioei eutsi ezinik" egon dira bigarren txandako emaitzen zain, Tiran taldeko entrenatzailearen esanetan.

Berdinketa egon izan balitz, San Juanen kalterako eta, ondorioz, galiziarren mesederako izango zatekeen. Hortaz, minutu erabakigarriak izan dira. Ondarroak ez du bere ohiko maila eman, eta horrek erabat baldintzatu du azken emaitza. Hala ere, hortzak estutu dituzte eta zazpi segundo atera dizkio Tirani. Beraz, San Juanek arnasa hartu du, Tiran zuzenean jaitsi baita.

"Azken hilabeten etengabeko borroka izan dugu, inori ez baitzaio gustatzen maila galtzea. Oso emozionatuta gaude. Gauzak ondo egiten ari gara, baina hobeto egin behar ditugu", adierazi du Juan Mari Etxabek, San Juaneko entrenatzaileak.

Urdaibairi dagokionez, igande honetako emaitzen ostean, badirudi bideratuta duela Liga, 190 puntu baititu, eta 15 puntu gutxiago (175 puntu) ditu Hondarribiak. Atzetik, Zierbena eta Orio ditugu, hirugarren eta laugarren postuetan, 169 eta 156 punturekin, hurrenez hurren.