Itxi

Alaves

1-0

Alavesek garaipen handia lortu du Real Madrilen aurka, azken hasperenean

Erredakzioa

Manu Garciak partidako azken minutuan sartu du neurketako gol bakarra eta garaipena eman dio Arabako taldeari. Alaves, seigarren da sailkapenean eta 2 puntura du liderra den Sevilla.

  • Manu Garcia. Argazkia: EFE

    Manu Garcia, Real Madrili sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Alavesek garaipena lortu du Real Madrilen aurka (1-0), partidako azken minutuan Manu Garciak sartu duen golari esker. Arabako taldea 6. postuan da Ligako
sailkapenean Espanyolekin (5.) eta Real Madrilekin (4.) berdinduta 14na punturekin, Atletico Madrilengandik (3.) eta Bartzelonarengandik (2.) puntu bakarrera, eta liderra den Sevillarengandik 2 puntura.

Real Madril izan da baloiaren jabe lehen minutuetan eta Lopeteguik zuzentzen duen taldeak abaguneak sortu ditu. Benzemak eman du lehen abisua Pacheco atezainak arazorik gabe gelditu duen jaurtiketa baten bitartez. Jarraian, bosgarren minutuan, Pachecok Real Madrilen gola eragotzi du, Ceballosen erremateari erantzun bikaina emanda. Hamargarren minutura iritsi orduko, Laguardiak atepetik atera du Benzemaren burukada. Balek ere beste abagune bat izan du, baina bere errematea gora joan da.

Lehen minutuetako presioa gaindituta, pixkanaka lehia parekatzea lortu du Alavesek eta gutxigatik ez du gola sartu 21. minutuan, baina Jony ez da gutxigatik iritsi baloia jaistera geldi eta lekuz kanpo geratu den Courtois atezainaren aurrean. Alaves indarberritu egin du izan duen lehen abagune horrek, eta 27. minutuan beste aukera bat izan du; Jonyk egin duen erdiraketa Courtoisen ate aurretik pasa da errematatzailerik aurkitu gabe, Callerik berriz erdiratu du, eta Varanek aldendu du arriskua. Lehen zatiko azken txanpan, berriro Real Madrilek izan du baloiaren jabetza, baina ez du abagune argirik sortu.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Real Madrilek, eta Marianok jokaldi bikaina egin ostean, ez du asmatu area barruan errematea egiten. Ondoren, Casemiroren jaurtiketa indartsua gelditu du Pacheco atezainak, eta 59. minutuan Marianok abagune argia huts egin du, errematea gaizki eginda. Alavesek ia ez du abagunerik sortu, Real Madril izan da nagusi, baina 77. minutuan Jony area barruan sartu da, eta gurutzatuegi kanpora bidali du jaurtiketa. Luzapenean, neurketako azken jokaldian, Alavesek kornerra izan du alde, Courtois atezainak gaizki aldendu baloia, eta airean Manu Garciak sare barrura bidali du baloia, buruz (1-0). Gola sartu eta epaileak amaitutzat eman du partida, Alaves garaile izan delarik.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Pacheco; Ximo Navarro, Maripan (Martin Aguirregabiria, 87. min), Laguardia, Duarte; Jony, Tomas Pina, Brasanac, Wakaso (Manu Garcia, 74. min), Ibai Gomez (Sobrino, 67. min); Calleri.

0 - Real Madril: Courtois; Odriozola, Sergio Ramos, Varane, Nacho; Casemiro (Asensio, 62. min), Ceballos, Kroos, Modric; Bale (Vinicius, 80. min) eta Benzema (Mariano, 45. min).

Gola: 1-0. 95. min: Manu Garcia.

Epailea: Jaime Latre. Txartel horia atera dio Wakasori.