Itxi

Alaves

13. JARDUNALDIA

Alavesek lider gisa lo egin dezala eragotzi du Leganesek

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

En-Nesyri aurrelari marokoarrak atsedenaldira heltzear sartu duen gola nahikoa izan da garaipena Butarquen gera dadin.

  • Manu Garcia En-Nesyri aurrelariarekin lehian. Argazkia: EFE

    Manu Garcia En-Nesyri aurrelariarekin lehian. Argazkia: EFE

Leganesek 1-0 irabazi dio Alavesi, eta gasteiztarren bolada ona eten du En-Nesyrik sartutako gol bakar bati esker. Garaipen horrek, behin-behinean, jaitsiera postuetatik ateratzea ahalbidetu die madrildarrei, Athleticek eta Vila-realek euren norgehiagoketan zer egiten dutenaren zain.

Mauricio Pellegrinoren taldeak bere asmoen berri eman du hasierako minutuetan, Carrilloren eta En-Nesyriren bi burukadaren bidez. Marokoarrak arazo ugari eragin ditu gasteiztarren atzealdean; izan ere, bera izan da partidako gol bakarra sartu duena.

Ibai Gomezek ere bere ahalegina egin du areaz kanpotik, baina Lunin atezaina estutasunetan sartu gabe. Ukrainarrak debuta egin du Liga txapelketan, titular gisa aritu ohi den Cuellar lesionatuta baitago, eta apenas izan du lanik. Hori bai, arriskurik gabeko pare bat jokalditan bere burua nahastu du, eta ezinegona eragin du Butarqueko harmailetan.

Atsedenaldia ate joka zegoela iritsi da Leganesen gola. Nyomek eskuin hegaletik egindako jokaldi baten ostean, baloia Silvaren oinetara heldu da, eta hark area barruan zegoen En-Nesyri aurrelariari eman dio. Marokoarrak jaurti eta bere taldea aurretik jarri du, Pachecoren ahalegin antzua gaindituta.

Aldageletatik igaro ondoren, gasteiztarrak gogotsu azaldu dira, baina etxekoek ez dute euren grina jaitsi. Horren adierazle da lehen zatiaren erdialdean zelairatu den Vesgak (min hartuta zegoen Recio ordezkatu du) zein Oscar Rodriguezek area ertzetik egin dituzten jaurtiketak.

Abelardok aulkira begiratu du konponbide bila, eta Burgui eta Baston atera ditu Jonyren eta Sobrinoren ordez. Baina erasoko bi jokalariek apenas egin ahal izan diote ekarpenik taldeari, hortik aurrera geldialdiak ugaritu eta joko gogorra nagusitu baita.

Ondorioz, eginahalak egin arren, babazorroen aukerak kanpoko jaurtiketa desbideratuen bidez baino ez dira heldu, puntu premian zegoen Leganesen mesederako.

Azkenerako, minutuek aurrera egin dute markagailuan aldaketarik izan gabe. Beraz, garaipena Butarquen geratu da, eta Abelardoren mutilek ezin izan dute, gutxienez ordu batzuetan, sailkapeneko lehen postura igo.

Fitxa teknikoa:

Leganes 1: Lunin, Nyom, Tarin, Omeruo, Siovas, Jonathan Silva; Ruben Perez, Recio (Vesga, 38. min), Oscar Rodriguez (Eraso, 83. min); En Nesyri (Sabin Merino, 85. min) eta Carrillo.

Alaves 0: Pacheco; Agirregabiria (Guidetti, 80. min), Laguardia, Ximo Navarro, Duarte; Ibai, Brasanac, Manu Garcia, Jony (Burgui, 62. min); Sobrino (Baston, 62. min) eta Calleri.

Golak: 1-0, 42. min: En Nesyri.

Epailea: Javier Alberola Rojas. Txartel horiak: Oscar Rodriguez eta Nyom (Leganes); Duarte, Brasanac, Laguardia, Burgui eta Baston.