Itxi

Alaves

MENDIZORROTZA, 13:00etan

Mendizorrotza, Europarako tranpolina Alaves eta Eibarrentzat

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Babazorroek Txapeldunen Ligarako postuetara egin dezakete jauzi; armaginak, aldiz, asko gerturatuko lirateke Europa Ligarako tokietara.

  • Joan zen denboraldiko Alavesen eta Eibarren arteko euskal derbia

    Joan zen denboraldiko Alavesen eta Eibarren arteko euskal derbia. Argazkia: EFE

Alavesek eta Eibarrek larunbat honetan Mendizorrotzan (13:00) jokatuko duten euskal derbiak talde bakoitzak denboraldi amaierara begira izan ditzakeen Europarako helburuak argitzeko balio dezake.

Izan ere, babazorroek oso martxa ona daramate sailkapenean, eta lehenbailehen lortu nahi dituzte Lehen Mailari behin betiko eusteko balio duten puntuak. Dena den, helburu hori gauzatutzat jo daiteke, 40 puntu pilatu baitituzte honezkero, eta horrek sailkapeneko bosgarren tokian egotea ahalbidetu die, Txapeldunen Ligatik oso gertu.

Aitzitik, arabarrentzat ez dira oso itxaropentsuak Eibarren aurka Lehen Mailan lortutako emaitzak. Izan ere, ezin izan dituzte hiru puntuak lortu armaginen kontra Gasteizen jokatutako bi neurketetan.

Abelardo Fernandezek jokalari guztiak ditu gertu norgehiagoka honetarako, denboraldian lehen aldiz, eta ziur asko 4-4-2ko eskemaren aldeko hautua egingo du berriro, Vila-realen aurkako partidan (1-2) horren emaitza onak ekarri zizkiona.

Bere aldetik, Eibarrek denboraldi honetan oso zaila gertatzen ari dena lortu nahi du, hau da, Mendizorrotzatik garaipenarekin ateratzea.

Armaginak, hori bai, animotsu helduko dira neurketara, Celtari Ipuruan azken unean irabazi eta gero (1-0). Talde gipuzkoarrak askoz gertuago ditu Europako postuak, jaitsierakoak baino (10. tokian daude sailkapenean, 34 punturekin).

Haatik, eibartarren inguruan, nahiago dute ahalik eta arinen denboraldiko xederik nagusiena ziurtatu (mailari eustea), gorago begira jarri aurretik. Hala ere, esku-eskura dute lehenbiziko helburu hori.

Eibartar zale asko hurbilduko da Gasteizera euren taldea bultzatzera; beraz, hirian zehar zein zelaiko harmailetan giro aparta izatea espero da.

Balizko hamaikakoak:

Alaves: Pacheco, Navarro, Laguardia, Maripan, Duarte, Inui, Pina, Wakaso edo Manu Garcia, Jony, Baston eta Calleri.

Eibar: Dmitrovic, Peña, Bigas, Ramis, Cote, Orellana, Diop, Jordan, Cardona, Enrich eta Kike Garcia.

Epailea: Javier Alberola Rojas.

Futbol-zelaia: Mendizorrotza.

Ordua: 13:00.