Itxi

Alaves

Kanporatuta

Alavesek agur esan dio Errege Kopari, Linaresen aurka galduta

EITB Media

Arabako taldeak 2-1eko emaitzarekin galdu du Errege Kopako bigarren kanporaketa eta txapelketatik at geratu da.

5:00
Linares vs Alaves

Alaves Errege Kopatik at geratu da Linaresen aurka porrota jasota (2-1) astearte honetan Jaenen jokatu duen bigarren kanporaketako partidan. Lehen Mailako taldeak galdu egin du RFEF Mailako taldearen kontra.

Linaresek atzean sartuta ekin dio norgehiagokari eta hasierako minutuetan Alaves ez da gai izan abagune argiak sortzeko. Neurketako 19.minutuan Arabako taldeak huts egin du defentsan, eta Jon Etxanizek gola sartu du (1-0) Linaresentzat. Jaeneko taldearen golaren ostean, Alavesek partida berdindu nahi izan du atsedenaldira iritsi aurretik, baina ez du gola sartzeko aukera argiegirik sortu eta ez du helburua lortu.

Bigarren zatiari ekiteko aldaketak egin ditu Javi Calleja Alaveseko entrenatzaileak: Pellistri, Luis Rioja eta Manu Garcia, zelaira, Guidetti, Edgar eta Ivan Martin jokalarien ordez. Gainera, 60. minutuan Joselu zelairatu du, Pere Pons kenduta. Aldaketek eragina izan dute, 67. minutuan Syllak banakoa (1-1) jarri baitu markagailuan.

Bazirudien Alaves gai izango zela emaitza iraultzeko, baina Linaresek kementsu jokatzen jarraitu, eta Nando Copetek gola sartu du (2-1) 72. minutuan, Jaeneko taldea aurretik jarrita.

Neurketako azken txanpan erasora jo du Alavesek, baina Linares sendo mantendu da defentsako lanean; gainera, Andaluziako taldeak beste gol pare bat sartzeko abagune argiak izan ditu amaierako minutuetan. Azkenean, Alaves galtzaile (2-1).

Fitxa teknikoa:

2. Linares: Razak; Dani Perejon, Fran Lara, Josema, Barbosa; Sanchidrian (Olivera, 86. min), Rodri, Melendez (Andriu, 86. min), Fran Carnicer (Marin, 56. min); Hugo Diaz (Carracedo, 77. min) eta Etxaniz (Nando Copete, 56. min)

1. Alaves: Sivera, Tirlea (Miguel, 81. min), Lejeune, Tachi, Javi Lopez; Edgar (Luis Rioja, 46. min), Toni Moya, Pere Pons (Joselu, 60. min), Iván Martín (Manu Garcia, 46. min); Sylla eta Guidetti (Pellistri, 46. min)

Golak: 1-0. 19. min. Etxaniz. 1-1. 67. min. Sylla. 2-1. 72. min. Nando Copete.

Epailea: Diaz de Mera. Txartel horiak atera dizkie Extaniz (55. min), Hugo Diaz (66. min) eta Perejon (86. min) Linares taldeko jokalariei, baita Edgar (37. min) eta Toni Moya (65. min) Alaveseko futbolaraiei.