Itxi

Alaves

SANTANDER LIGA

Saririk ez Alavesentzat Bernabeun egindako lanagatik (3-0)

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Mendilibarren taldeak lan ona egin du ordubetez, baina Marco Asensioren golaren ostean Real Madril nagusi izan da.

0
Real Madril vs Alaves: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Alavesek galdu egin du Real Madrilen aurka (3-0), Marco Asensio, Vinicius Junior eta Karim Benzemak sartutako golak direla medio (guztiak bigarren zatian). Gasteiztarrek ondo jardun dute ordubetez Bernabeun, baina lehen gola jasotzearekin batera behera egin dute.

Hain zuzen ere, Jason galiziarra izan da Alavesentzat lehen zatiko aukerarik argiena izan duena. Jose Luis Mendilibarren taldea ausarta izan da sailkapenean duen egoera zein den kontuan hartuta, eta ez dio erasoari uko egin, talde madrildarrak etxean ohikoa den koska erasoko jokoa erakusten ez zuen bitartean.

Bigarren zatian, nekea agertzen ari zela, Alaves aurkariaren erreakzioa sufritzen hasi da; alabaina, ahal zuenean, gora begira ere jartzen zen. Hala, Lejeunek Benzemaren jaurtiketa bat atepetik atera ostean, babazorroek markagailuan aurrea hartzeko aukera paregabea izan dute Pere Ponsen eskutik. Kataluniarrak Asensiok bere atezainari bidalitako baloi bat harrapatu du, eta Courtoisen aurrean bakar-bakarrik geratu da. Aitzitik, iskin egiten saiatu denean, ez du asmatu, eta kanpora bidali du bere errematea , dena bere alde zuela zirudienean.

Zoritxarrez, minutu bat geroago Asensioren gola etorri da, area kanpotik ezkerrez egindako jaurtiketa ikusgarri batekin. Gola ospatzerako garaian, Madrilgo jokalaria harmailetako zaleengana zuzendu da, kexu, aurretik txistuka ibili zirelako.

Gol horrek min handia egin die gasteiztarrei. Ordea, konfiantzaz bete ditu madrildarrak, eta hortik aurrera goitik behera nagusitu dira. Hala, Benzemak gertu izan du 2-0koa, baina bere saiakera zutoinaren aurka joan da. Dena den, zurien bigarrena laster iritsi da.

Viniciusek amaiera ona eman dio Asensioren eta Benzemaren artean maisuki sortutako jokaldiari; izan ere, bi aldiz jo dute baloia orpoz area barruan. Norgehiagoka guztiz erabakita geratu da orduan

Luzapenean, Lejeunek Rodrygori egindako penaltia adierazi du epaileak, eta Benzema arduratu da aukera hori gauzatzeaz.

Fitxa teknikoa:

3 - Real Madril: Courtois; Carvajal (Lucas Vázquez, 87. min), Militao, Alaba, Mendy (Marcelo, 85. min); Casemiro, Valverde, Modric (Rodrygo, 82. min); Marco Asensio (Ceballos, 82. min), Vinícius (Hazard, 85. min) eta Benzema.

0 - Alaves: Pacheco; Tenaglia, Miazga, Lejeune, Duarte (Navarro, 83. min); Loum (Toni Moya, 83. min), Tomás Pina, Escalante (Edgar, 72. min), Jason (Pere Pons, 61. min), Luis Rioja (Manu Vallejo, 72. min); y Joselu.

Golak: 1-0, 63. min: Asensio. 2-0, 80. min: Vinícius. 3-0, 91. min: Benzema, penaltiz.

Epailea: José Luis Munuera Montero. Txartel horiak: Modric (Real Madril); Loum (Alaves).