Itxi

Alaves

26. jardunaldia

Alavesi bi aldiz berdindu dio partida 10 jokalarirekin aritu den Getafek (2-2)

Agentziak | EITB Media

Mendilibarren taldeak partida kaskarra egin du mailari eusteko aurkari zuzen baten aurka. Escalantek eta Edgarrek egin dituzte arabarren golak, eta Unalek, berriz, madrildarren biak.

0
Getafe vs Alaves: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Alavesek bi puntu oso garrantzitsu utzi ditu Getafen, betako taldearekin 2-2 eginda. Getafek ia ordubete eman du 10 jokalarirekin jokatzen, epaileak Cuenca atzelariari txartel gorri atera ostean, baina arabarrek ez dute jakin egoera horri etekina ateratzen.

Etxeko taldea partida irabaztera atera da zelaira, Alaves hasieratik estutu du, baina Cuenca kaleratu dutenean, errendimenduak behera egin du.

Momentu horretan arabarrek aurrera pausoa eman dute, eta Lejeunek gola egin du baina epaileak baliorik gabe utzi du frantziarra jokoz kanpo egon delako. Handik gutxira, atsedenaldiaren atarian, Gonzalo Escalantek baloia Getaferen atean sartu du. Hasiera batean jokoz kanpokoa adierazi du epaileak, baina VAR sistemaren bitartez jokaldia aztertu ostean, Mendilibarren taldearen gola ontzat  eman du.

Quique Sanchez Floresen jokalariak banakoaren bila joan dira eta partida berdintzea lortu dute. Enes Unalek egin du gola, eta erakustaldia eman du bigarren zatian. Hala ere, arabarrak aurretik jarri dira berriro ondorengo jokaldian, Edgar Mendezen golarekin.

Ordu laurden iraun die poza gasteiztarrei, Unalek etxekoen bigarrena egin baitu 72. minutuan.

Jokalari bat gutxiagorekin jokatu arren, Getafe garaipena lortzen saiatu da eta Alaves estu eta larri aritu da azken minutuetan. Azkenen, puntu bana Alaves eta Getaferentzat.

Fitxa teknikoa

2.- Getafe: Soria; Damián (Óscar, 62. min), Djené, Mitrovic, Cuenca, Olivera; Aleñá (Juan Iglesias, 70. min), Arambarri, Maksimovic; Sandro (Borja Mayoral, 62. min) eta Enes Ünal (Jaime Mate, 93. min).

2.- Alaves: Pacheco; Tenaglia, Laguardia, Lejeune, Duarte; Pina (Pons, 90. min), Escalante; Édgar Méndez (Manu Vallejo, 72. min), Loum (Pellistri, 85. min), Rioja; eta Joselu.

Golak: 0-1, 45. min+1 Escalante; 1-1, 55. min: Enes Ünal; 1-2, 56. min: Édgar Méndez; 2-2, 72. min: Enes Ünal.