Itxi

Alaves

Mendizorrotzan

Alavesek itxaropenari eusten dio (1-0)

EITB MEDIA

Arabarrek 1 eta 0 irabazi diote Rayo Vallecanori, asko sufrituta, Julio Velazquez entrenatzaileak Mendizorrotzako aulkian egin duen lehen partidan. Joseluk sartu du neurketako gol bakarra, 64. minutuan.

0
Alaves vs Rayo Vallecano: Santander Ligako laburpena, golak eta jokaldirik onenak

Joselu Matok arnasa eman dio Alaves taldeari Rayo Vallecanoren aurkako partidan egindako golarekin. Arabarrak 1 eta 0 gailendu dira eta Lehen Mailan jarraitzeko itxaropenari eusten diote. Andoni Iraolaren Rayok, aldiz, ez ditu jaitsieraren mamuak uxatu.  

Joseluk 64. minutuan egin du garaipenaren gola, areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsu baten bidez. Gasteiztarrek bi hilabete zeramatzaten neurketarik irabazi gabe. Dimitrievski atezainak huts egin du baloia aldaratzen saiatzeko garaian. Gasteiztarrek bi hilabete zeramatzaten neurketarik irabazi gabe. 

Rayok aukera argiak izan ditu lehen zatian markagailuan aurrea hartzeko, madrildarrak jaun eta jabe izan baitira, Julio Velazquezen taldeak emandako itxura kaskarra aprobetxatuta.

Alavesi kosta egin zaio baloia hanketan mantentzea, eta Rayok behin eta berriro jo du aurrera golaren bila.

Lehen zatiaren azken minutuetan Alaves zerbait errekuperatu da, eta momentu horretan gola egiteko aukera argiak izan dituzte bi taldeek. Pachekok Rayoren gola ekidin du Sergi Guardiolaren jokaldiari erantzun bikaina emanda. Dimitrievski ere zuhur aritu da Joselu Matoren gola saihesteko.

Bigarren zatian, Alavesen jokoak hobera egin du eta gasteiztarrak erasokorrago aritu dira.

Joseluren gola

Joselu behin eta berriro saiatu da eta bere ahaleginak saria izan du azkenean. Areaz kanpotik egindako jaurtiketa batean Rayoren atea zulatzea lortu du.

Andoni Iraolaren taldeak erasora jo du berdinketa lortu nahian, eta Alaves bere zelaian sartuta geratu da.

Azken minutuetan, eta Rayo erasoan jo eta ke aritu denean, epaileak txartel gorria atera dio Balliuri Duarte zapaltzeagatik. Rayo 10 jokalarirekin geratu da, baina ez da markagailuan aldaketa gehiagorik izan.

Fitxa teknikoa:

1 - Alaves: Pacheco; Navarro (Duarte, 76. min), Laguardia, Lejeune, Tenaglia; Escalante (Pina,84. min), Loum; Rioja (Miguel, 86. min), Édgar (Martín, 76. min), Jason (Manu García, 46. min); eta Joselu.

0 - Rayo Vallecano: Dimitrievski; Balliu, Maras, Catena, Fran García (Bebé, 74. min); Óscar Valentín (Mario Hernández, 91. min), Santi (Unai López, 74. min), Isi, Nteka (Trejo, 65. min) eta Sergi Guardiola.

Golak: 1-0, 64. min: Joselu.