Itxi

Athletic Club

Ibaiganen

San Mamesen agurra, jokalari bizkaitarren selekzio baten aurka

L.E.

Partida ekainaren 5ean jokatuko da. Josu Urrutiak esan duenez, Bizkaiko selekzioarena mahai gainean jarri zuten lehen aukera izan da.

1:09

Athleticek jokalari bizkaitarren selekzio baten kontra jokatuko du ekainaren 5ean, San Mamesen agurreko partidan. Hori da Josu Urrutia presidenteak Ibaiganen emandako prentsaurrekoan iragarri duena. Agerraldian, Jose Ignacio Gomez Bizkaiko Futbol Federazioko presidentea ere egon da.

"Ezinezkoa da San Mames Athletic gabe ulertzea, eta Athletic Bizkaia gabe ulertzea; izan ere, kluba Bizkaiaz hornitu da batik bat bere historiako 115 urteetan", azaldu du presidenteak.

Urrutiak ez du San Mames zaharraren agurreko gainontzeko ekitaldien berri eman. "Gure bihotz zuri-gorria hunkituko duten zenbait ekitaldi izango dira", izan da esan duen gauza bakarra.

Athleticeko presidentearen arabera, Bizkaiko selekzioaren kontra jokatzea izan zen, hain zuzen, San Mameseko agurra antolatzeko batzordeak eztabaidatu zuen lehen aukera. Hala ere, Athleticek ez zion Bizkaiko Federazioari proposamen finkorik egin atzo arratsaldera arte.

Urrutiak azaldu duenez, kluba beste talde eta selekzio batzuekin ere harremanetan izan da partida horretarako aurkaria aurkitzeko asmoarekin. "Hainbat talderekin hitz egin dugu eta beraiekin gogoratzea eskertu digute" esan du. Antza denez, negoziaioek ez dute aurrera egin agenda kontuak direla eta.

Montevideoren auzia

Atzo, Montevideoko Nacional taldeko ordezkariek Radio Euskadiri esandakoaren arabera, Uruguaiko taldeak ez du San Mamesen agurreko partida jokatuko, nahiz eta aurreko egunetan kontrakoa zioten informazioak atera.

Nacionalek salatu egin du Athleticekin zuten akordioa zuri-gorriek beraiek hautsi dutela. Urrutiari gai horretaz galdetu diotenean, ez du zalantzarik izan: "Athleticek konpromisoak bete egiten ditu. Athleticek ez du inoiz Nacionalekin edo beste edozein klubekin akordiorik egin".

Bielsaren egoera

Behin taldeak datorren urtean ere lehen mailan jokatzea ziurtatu ondoren, Marcelo Bielsak bizkaitarren entrenatzaile izaten jarraituko duen ala ez galdetu diotenean, presidenteak ez du gai horren inguruan ezer esan nahi izan: "Gaur San Mamesi buruz hitz egitera etorri gara, bere agurra da, 100 urte bete ditu eta errespetua zor diogu zelaiari".