Itxi

Athletic Club

3-0

Athleticek Real Madrilen aurka galdu eta atzerapausoa eman du Europarako lehian

eitb.eus

Talde zuri-gorriak 3-0eko emaitzarekin galdu du Santiago Bernabeun. Benzemak sartu ditu hiru golak, hat-tricka eginda.

  • Keylor Navas eta Williams. Argazkia: EFE

    Keylor Navas eta Williams, Real Madril - Athletic partidan. Argazkia: EFE

Athleticek porrota jaso du Real Madrilen aurka (3-0) Santiago Bernabeun. Ondo eutsi dio talde zuri-gorriak lehen zatiari, baina bigarren zatian aurkaria nagusi izan da, eta ezin izan du ezer egin. Atzerapausoa eman du talde bizkaitarrak Europarako postuetan sartzeko.

Real Madril izan da baloiaren jabe hasierako minutuetan, baina ez du abagune argirik sortu, Athletic ondo ibili delako defentsako lanean. Cordobak bigarren minutuan ikusi du txartel horia, eta Yurik 15. minutuan. Ezker hegaletik jokatzen duten bi jokalariek kontu handiz ibili behar izan dute ordutik aurrera. Marcelok gora bota duen jaurtiketa bat, eta Keylor Navas atezainak gelditu duen Raul Garciaren errematea izan dira talde bakoitzak sortutako abagune bakarrak.

Bigarren zatiari bizi ekin diote Real Madrilek eta Athleticek. Zuri-gorriek aurrea hartzeko aukera izan dute, baina Cordobak ez dio goleko pasea ondo eman Williamsi, eta Varanek eragotzi du Athleticeko aurrelariaren errematea. Hurrengo jokaldian, Real Madrilek abagune argia izan du, eta Benzemak 1-0ekoa sartu du.

Erasora jo du Athleticek gola jaso ostean, baina baloia ondo mugitu eta jokaldi onak lotu arren, ez du azken pasean asmatu. Raul Garciak area kanpotik egin du jaurtiketa, eta Keylor Navas atezainak arazorik gabe harrapatu du.

Real Madrilen aldeko korner batean aldaketa bikoitza egin du Gaizka Garitanok; Aduriz eta Unai Lopez zelairatu ditu, Cordobaren eta Raul Garciaren ordez. Aldaketa aurkako korner baten egitea garesti ordaindu du talde zuri-gorriak, Benzemak 2-0ekoa sartu baitu Herrerin atezainaren hutsaren ostean baloia buruz sare barrura bidalita.

Bigarren golarekin erabakita utzi du neurketa Real Madrilek. Athletic saiatu da aldeak murrizten, baina Williamsek 86. minutuan egin duen erremateari erantzun paregabea eman dio Keylor Navas atezainak, zuri-gorrien gola eragotzita. Neurketako 90. minutuan, Real Madrilek garaipena biribildu du, Benzemanren hirugarren golaren bitartez (3-0). Hat-tricka egin du frantziarrak. Herrerinek huts galanta egin du berriro, eta gola opartitu dio Real Madrileko jokalariari. Amaieran, Zidanek zuzentzen duen taldea atera da garaile, eta Athletic esku-hutsik joan da Santiago Bernabeutik.

Fitxa teknikoa:

Real Madril: Navas; Carvajal, Varane, Vallejo, Marcelo; Casemiro, Modric, Kroos (Isco, 69. min); Lucas Vazquez (Bale, 69. min), Asensio (Brahim, 84. min) eta Benzema.

Athletic Club: Herrerin; Lekue, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri; San Jose, Beñat, Muniain, Cordoba (Unai Lopez, 75. min); Raul Garcia (Aduriz, 75. min) eta Williams.

Golak:

1-0, 47. min: Benzema.

2-0, 76. min: Benzema.

3-0, 90. min: Benzema.

Epailea: Melero Lopez. Txartel horiak atera dizkie Kroos (69. min) eta Navas (82. min) Real Madrileko jokalariei, baita Athleticeko Cordoba (3). min, Yuri (15. min), Raul Garcia (45. min) eta Iñigo Martinez (53. min) futbolariei.