Itxi

Athletic Club

BUTARQUE, 20:30ean

Butarquek Athleticen Europarako asmoak neurtuko ditu

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Zuri-gorriek bi aldiz jokatu dute orain arte Leganesen zelaian, eta ez dute inoiz irabazi; are gehiago, ez dute golik sartu ere.

  • Athleticeko jokalariak Leganesen aurkako gol bat ospatzen, aurreko denboraldian.

    Athleticeko jokalariak Leganesen aurkako gol bat ospatzen, aurreko denboraldian. Argazkia: EFE

Athleticek Butarque bisitatuko du asteazken honetan, Leganesi aurre egin eta Europara sailkatzeko helburuan aurrerapausoa emateko asmoz. Une honetan, zazpigarren tokian dago sailkatuta Bilboko taldea, eta horrek Europa Ligan aritzeko hiru atariko jokatzera behartuko luke.

Leganesen aurka hutsune askorekin jardungo dute zuri-gorriek, batez ere eskuin hegalari dagokionez. Ander Capak eta Ibai Gomezek min hartuta jarraitzen dute, eta Oscar de Marcos kili-kolo dabil, nahiz eta Garitanok Guardiakoa 19 jokalariko deialdian sartu duen.

Dani Garciak, bere aldetik, ezin izango du gehiago jokatu denboraldi honetan bere giharretako lesioa dela-eta; azkenik, Raul Garcia zigortuta dago, Bernabeun bosgarren txartel horia ikusi zuelako.

Erdilari nafarraren lekuan aritzeko aukera gehien dituena beste nafar bat da: azken jardunaldietan eskuinaldetik aritu den Iker Muniain, hain zuzen ere. Horrenbestez, eskuin hegal horretan beste jokalari batek jardun beharko du, eta Markel Susaeta kapitainak aukera izan dezake.

Zelai erdian beste aldaketa bat egon daiteke; izan ere, Unai Lopez txukun aritu da azken bi neurketetan aulkitik aterata.

Aurrekariei dagokienez, zuri-gorriek bi aldiz jokatu dute orain arte Leganesen zelaian, eta ez dute inoiz irabazi; are gehiago, ez dute golik sartu ere.

Neurketa honi aurre egiteko, Mauricio Pellegrino Leganes taldeko entrenatzaileak ezingo ditu erabili Athleticek utzita Madrilgo taldean ari diren Mikel Vesga eta Sabin Merino.

Balizko hamaikakoak:

Leganes: Cuellar, Nyom, Bustinza, Omeruo, Siovas, Jonathan Silva, Ruben Perez, Gumbau, Oscar Rodriguez, Braithwaite eta En-Nesyri.

Athletic: Herrerin, Lekue, Yeray, Iñigo Martinez, Yuri, San Jose, Unai Lopez, Williams, Muniain, Cordoba eta Aduriz.

Epailea: Iglesias Villanueva.

Futbol-zelaia: Butarque.

Ordua: 20:30.