Itxi

Athletic Club

ERREGE KOPA

Intercity-Athletic Kopako kanporaketa Elxeren zelaian jokatuko da

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Federazioak ez du ontzat eman neurketa Poliesportiu de Sant Joan kiroldegian izan zedin; hartara, Elx taldeak jokatu ohi duen Martinez Valero zelaiak hartuko du lehia.

  • Intercity eta Athleticen armarriak

    Athletic Intercityrn aurka lehiatuko da abenduaren 17an. Argazkia: Intercity

Intercityren eta Athleticen arteko Errege Kopako partida Elxeko Martinez Valero zelaian jokatuko da. Izan ere, Espainiako Futbol Federazioak (RFEF) ez ditu balekotzat jo Intercityk bere etxeko norgehiagokak hartzeko erabili ohi dituen Poliesportiu de Sant Joango instalazioak.

Intercityk ostegun honetan jakinarazi duenez, Federazioko teknikari batek bere zelaiko instalazioak berrikusi ditu aste honetan, eta ez direla egokiak iritzi dio. Ondorioz, Kopako kanporaketa Elxen jokatuko da. Dena den, datak ez du aldaketarik izan, hau da, abenduaren 17an izango da, 21:00etatik aurrera.

San Joango Udalak adierazi du doako autobusak jarriko dituela zale guztien eskura, Martinez Valero estadiorako joan-etorria egiteko.

Horrenbestez, bi urte eta erdi besterik ez dituen taldeak lehenbizikoz jokatuko du neurketa ofizial bat Martinez Valeron. Aitzitik, Athleticek 2015eko maiatzean jardun zuen bertan azken aldiz. Ligan izan zen, eta 2-3 irabazi zioten zuri-gorriek orduko hartan Elxeri, 10 minuturen buruan Aketxek, San Josek eta Williamsek sartu zituzten golekin, 2-0 galtzen joan eta gero.