Itxi

Athletic Club

Gaur, 21:00etan

Athletic-Huesca, jaitsiera postuak ate joka

EITB MEDIA

Aragoiko taldeak garaipena lortzen badu aurrea hartuko dio bilbotarrari sailkapenean. Raul Garciak eta Yerayk, zigortuta, harmailatik ikusiko dute neurketa.

  • Partida oso garrantzitsua San Mamesen

    Partida oso garrantzitsua San Mamesen

Athleticek eta Huescak indarrak neurtuko dituzte gaur San Mameseko futbol-zelaian gaueko 21:00etan Santander Ligako hamalaugarren jardunaldiari dagokion partidan.

Talde zuri-gorriak lau partida daramatza irabazi gabe eta Gaizka Garitanoren etorkizuna kolokan omen dago nahiz eta aste honetan bertan Aitor Elizegi presidenteak berak bere babesa publikoki eman entrenatzaileari.

Beraz, azken hamabi puntuetatik bi soilik lortu izanak gaurko partida irabaztera behartzen ditu bilbotarrak. Huescak irabazten badu sailkapenean aurrea hartuko dio Garitanoren taldeari.

Athleticek nahiz eta partida ona egin Real Madrilen kontra 3-1 galdu zuten Alfredo Di Stefano futbol-zelaian, asteburuan bina egin zuten Valentzian, 1-1 Getaferen etxean aurreko astean eta San Mamesen 0-2 galdu Celtaren kontra. Bolada txarrari amaiera jartzea nahitaezkoa da sailkapenean gora egiteko.

Hamaikakoari dagokionez Asier Villalibre hasieratik egotea espero da eta Iker Muniain hamaikakora bueltatu daiteke eta zalantza Alex Berenguerren edo Iñaki Williamsen artean dago. Pibote lanetan Dani Garcia eta Unai Vencedor aritu ziren Madrilen, baina Mikel Vesgak eta Unai Lopezek jokatzeko abagunea dute.

Atean eta defentsako lerroan ez dira ezustekorik espero: Unai Simon, Ander Capa, Iñigo Martinez, Yuri Berchiche eta Nuñez (Yerayren ordez) arituko dira.

Raul Garcia eta Yeray Alvarez, txartelengatik zigortuta, ez dute gaur jokatuko.

Ustezko hamaikakoak

Athletic: Unai Simon; Capa, Nuñez, Iñigo Martinez, Yuri; Vencedor, Unai Lopez; De Marcos, Muniain, Williams; eta Villalibre.

Huesca: Alvaro Fernandez; Maffeo, Pulido edo Insua, Siovas, Javi Galan; Mosquera, Mikel Rico, Borja Garcia; Rafa Mir, Okazaki eta Ontiveros.

Epailea: Valentín Pizarro Gomez.

Futbol-zelaia: San Mames.

Ordua: 21:00.